Mundua -
Abusu sexualak egotzi dizkiote
Strauss-Kahnek 'ez errudun' dela adierazi du
New Yorkeko Auzitegi Gorenaren aurrean azaldu da astelehen honetan. Errudun jotzen badute, baliteke 74 urteko espetxe-zigorra bete behar izatea.
Erredakzioa
Dominique Strauss-Kahn Nazioarteko Diru Funtsaren zuzendari ohiak ''ez errudun'' dela deklaratu du astelehen honetan New Yorkeko Auzitegi Gorenaren aurrean.
Janzki eta gorbata ilunaz jantzita iritsi da NDFren zuzendari ohia New Yorkeko auzitegira. Bere emaztearekin eta abokatuarekin igo ditu eskailerak, bertan komunikabide anitz izanda. Halaber, ustezko biktimaren uniforme berdinarekin jantzita zeuden emakume talde batek oihuak bota dizkio Strauss-Kahni: "lotsatu zaitez!".
Epaileak errudun jotzen badu, NDFren zuzendari ohiak 74 urteko espetxe-zigorrari aurre egin beharko lioke.
New Yorkeko Sofitel hotelaren langile bati bortxatzen saiatzea eta abusu sexualak eta zirriak egin izana leporatu dizkiote Strauss-Kahni. Milioi bat dolarreko fidantza ordaindu ostean, aske utzi zuten. Halaber, lau gau igaro zituen Rikers Island espetxean eta ondoren TriBeCa New Yorkeko zonaldeko luxuzko etxebizitza batera eraman zuten.
Astelehen honetako saioan, fiskaltzak dituen informe zientifikoak, deklarazioak nahi informazio osagarriak eskatuko ditu defentsak, CNN telebista kateari iturri batek baieztatu dionez.
Strauss-Kahnen abokatuek salatu dutenez, informazio horren parte bat komunikabideetan zabaldu da, akusatuaren "bidezko epaiketa bat izateko eskubidea" zalantzan jartzen duena. Ikerkuntza egiten dutenen profesionaltasuna "larri" kaltetuko zukeen informazioa zabaltzeko mehatxua egin dute Strauss-Kahnen abokatuek.