Mundua -
2 asteko kanpaldiaren ostean
Poliziak 'suminduak' sakabanatu eta 3 lagun atxilotu ditu Lisboan
Portugaleko hiriburuko plaza batean kanpatuta dauden M-15 mugimenduko kide batzuen aurka ere kargatu du poliziak; hau guztia presidentziarako hauteskundeen asteburuan.
Erredakzioa
Portugaleko poliziak duela bi aste Lisboa erdiguneko enparantza batean M-15 mugimenduaren baitan jarritako kanpaleku bat desegin du bart gauean indarrez. Hiru gazte ere atxilotu dituzte.
Asteburu hau "erabakigarria" da Portugalentzat, izan ere, bi urteko aurrerapenarekin eta krisi ekonomiko "larri" baten baitan, hauteskunde presidentzialak egingo dituzte gaur -igandea-. Hain zuzen ere, hauteskundeak baino ordu batzuk lehenago desegin dute Lisboako Rossio enparantzako kanpalekua; kanpin dendak eta kartelak kendu ditu poliziak. Agintariek azaldu dutenez, protesta gune horretan azken egunetan "oso jende gutxi" zebilen.
Maiatzaren 19an zabaldu zen M-15 mugimendua Espainiatik Portugalera. Batik bat, "Erasmus" programaren baitan herrialde horretan zeuden ikasle espainiarrak hasi ziren protestarekin. Laster, baina, "Benetako Demokrazia Orain" mugimenduko kideak Lisboan Espainiak duen Kontsuladutik Rossio plazara pasa ziren, eta bertan, gorputza hartu zuen protestak, ukitu portugaldarra nagusituz.
Gogoratu, M-15 egungo sistema politikoaren aurka protesta egiteko sortu zela, herritarrentzat baldintza hobeak eta prekarietatea gutxitzeko eskatuz.