Mundua -
Protestak
34 pertsona hil dituzte Sirian, protesta batzuetan
Bacharren aurkako Siriako Iraultzak Facebooken zabaldu du Haman gaur hildakoen izenen zerrenda.
Erredakzioa
30 pertsona hil dituzte gaur Hama hirian (Siria), oposizioko talde baten arabera, segurtasun indarrek manifestarien aurka tiro eginda.
Bachar al Asaden aurkako Siriako Iraultza taldeak Haman gaur hildakoen izenen zerrenda zabaldu du Facebooken, eta inguruetako ospitaleek egoeraren kontrola galdu dutela ziurtatu du. Larrialdiei aurre egiteko odol eta material falta dute.
Al Yazira telebistan egindako adierazpenetan, Poliziak metrailadoreekin manifestarien aurka tiro egin duela esan du Abu Faisal Hamako bizilagunak.
Lekukoaren arabera, Hamako 700.000 biztanleetatik 100.000 kaleetara atera dira gaur Bachar al Asaden erregimenaren aurka protesta egiteko.
Bestalde, beste bizilagun batek, Ahmad Huseinek, ospitaletan 30 hildako baino gehiago eta ehunka zauritu zenbatu dituela azaldu du, eta protesta baketsua izan dela erantsi du.
Segurtasun indarrek kalean eta zabaltzetatik tiro egin dute ezker eta eskuin manifestarien kontra, metrailadore eta arma automatikoekin, Huseinen ahotan.
Zortzi hildako Dei Zuren
Era berean, Deir Zuren (ekialdea), gutxienez zortzi lagun hil eta beste 25 zauritu dituzte segurtasun indarrek, horietako batzuk larri.
Mila manifestari baino gehiago hil dira protestak hasi zirenetik Siriako hirietan.