Mundua -

Matxinoen aurkako operazioa

12 haur eta bi emakume hil dira NATOren eraso batean, Afganistanen

Afganistaneko ofizial batek salatu duenez, 14 lagun hil eta hainbat zauritu dira, matxinoen aurkako operazio batean NATOk bi etxebizitza bonbardatu ostean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 12 haur eta bi emakume hil dira larunbat honetan Helmanden, Afganistaneko hegoaldean, NATOren bonbardaketa baten ondorioz.

Herrialdeko ofizial batek salatu duenez, bonbardaketa Naw Zadeko barrutian izan zen. Matxinoen talde batek NATOren soldaduei eraso egin zien eta hegazkinetako babesa eskatu ondoren, Segurtasun Laguntzarako Nazioarteko Indarrek (ISAF) hegazkinak bidali zituzten eta bi etxebizitza bonbardatu.

"Bost neskato, zazpi mutiko eta bi emakume izan dira hildakoak", zehaztu du Helmand herrialdeko gobernadorearen bulegoak.

ISAFekin adostu ondoren, agintari militarrek ikerkuntza talde bat bidali dute zonaldera, bonbardaketaren ostean izandako "zibilen usteko heriotzei buruz informazioa biltzeko".

Joan den ostegunean, dozenaka matxino hil zituen ISAFek Nuristan probintzia gatazkatsuan. Hala ere, agintari lokalek salatu zutenez, 20 zibil eta 22 polizia agente hil ziren bertan.

Afganistaneko Nazio Batuen misioaren (UNAMA) datuen arabera, 2.777 zibil hil ziren iaz biolentziak jota. 2009. urtearekin alderatuta, % 15 igo da hildakoen kopurua.

Giza eskubideen erakundeak azaldu dutenez, hilketen gehiengoa talibanek eragindakoa omen da baina Afganistaneko agintariek diotenez, tartean Hamid Karzai presidentea, ISAFeko bonbardaketek eragindako zibilen heriotzak "onartezinak" dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea