Mundua -
Iruzkina
Iritsi da 'Srebrenicako harakina'ren garaia
Orain arte aske egon da, serbiar askok heroitzat jotzen dutelako eta, horretaz gain, Armadan ez ezik Serbiako Gobernuan ere konplizeak izan dituelako.
Jesus Torquemada
Atxilotuta daude Jugoslaviako gerretan gerra-krimen larrienak egin zituzten buruzagiak. Urrats garrantzitsua da 1991 eta 1995 urteen artean Kroazia eta Bosniako gerrek eragindako zauriak ixten hasteko.
Bosniako gerran gertatu ziren bi gertakari nazkagarrienen erantzule da Mladic: Sarajevoko setioa eta Srebrenicako sarraskia. Orain arte aske egon da, serbiar askok heroitzat jotzen dutelako eta, horretaz gain, Armadan ez ezik Serbiako Gobernuan ere konplizeak izan dituelako. Boris Tadic Serbiako presidenteak, ordea, helburu nagusienen artean finkatu du Serbia Europar Batasunean sartzea.
Horretarako, EBk ezarri dion baldintza nagusienetakoa gerra-krimenak egin dituzten pertsonak atxilotzen laguntzea. Duela hiru urte Radovan Karadzic utzi zuen Belgradek Hagako Nazioarteko Epaitegiaren esku. Orain, Mladicen atxiloketarekin atal hori itxita geratzen da.
Urrian esan behar du Europar Batasunak Serbia Batasunean sartzeko hautagai den ala ez, eta, antza denez, baiezkoa izango da erabakia. Horrek, hala ere, ez dio asko lagunduko Serbiari, ze gauzak dauden bezala, ez dirudi Europar Batasunak kide gehiago hartzeko prozesua berehala hasiko duenik.