Mundua -

Atxilotuta

Biografia: Ratko Mladic, Sarajevoko setioa eta Srebrenicako sarraskia

Bosniako serbiarren buruzagi militar ohiari genozidioa leporatzen diote, Srebrenicako sarraskiarengatik, Sarajevoko setioagatik eta Bosniako gerran (1992-1995) egindako beste krimen batzuengatik.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ratko Mladic Bosniako serbiarren buruzagi militar ohiari, 15 urtez ihesean egon ostean gaur atxilotu dutenari, genozidioa leporatzen diote Srebrenican musulmanen sarraskia egiteagatik, Sarajevoko setioagatik eta Bosniako gerran (1992-1995) egindako beste hainbat krimenengatik.

Mladicen atxiloketa zen, Radovan Karadzic Bosniako buruzagi serbiarraren estradizioa gertatu ondoren, Europar Batasunak Serbia EBra gerturatzeko jarri zuen baldintza nagusia.

Jugoslaviarako Nazioarteko Zigor Auzitegiak Sarajevon zibilak hiltzea leporatzen dio Mladici. 1992 eta 1995 artean, Sarajevoko setioan, 10.000 pertsona baino gehiago hil zituzten, 1.500 inguru haurrak.

Era berean, Srebrenican 8.000 gizonezko musulman hiltzea ere leporatzen diote. Hori 1995ean gertatu zen, Serbiako tropa bosniarrek hiria hartu zutenean.

"Eman diezaiogun Srebrenica serbiarra herri serbiarrari. ''Turkiarrei'' mendekua hartu behar diegu (turkiar deitzen zieten musulman bosniarrei", adierazi zuen Mladicek Srebrenican.

Karrera militarra ikasi zuen 1943ko martxoaren 12an Bozinovici Bosniako hego-ekialdean jaio zen Mladicek. Josip Broz Tito komunisten buruzagi militarraren Armadan aritu zen bere aita Bigarren Mundu Gerran Kroaziako nazionalistek, nazien aliatuek, hil zuten arte.

1965ean Zemungo (Belgradotik gertu) Akademia Militarrean lizentziatu zen bere promozioko nota onenarekin, eta lehenengo Mazedonian, Kosovon eta Kroazian ibili zen.

Mladicen ondoan egon ziren ofizial musulman eta kroaziarrek diote komunista jugoslaviar porrokatu izatetik nazionalista serbiar izatera pasa zela.

1991an, Jugoslavia desegin zenean eta Esloveniako eta Kroaziako gerrak hasi zirenean, Mladic Knin Taldeko komandante bihurtu zen Kroazian.

Baina ezagun egin duen epea hortik aurrera hasi zen, 1992ko maiatzean hain zuzen re. Serbiako Errepublikako (Bosnia) Armadako komandante izendatu zuten.

Sarajevon ere grabatu zizkioten hainbat hitz, epaiketan froga moduan ere erabiliko dituztenak, izan ere, honakoa esan zien artilleriako militarrei: "Velusicera (Sarajevoko auzoa) egin tiro. Han ez dago serbiar asko".

AEBek eta NATOk 1994an Serbiari eraso egingo ziotela mehatxu egin zutenean, Mladicek erantzun argia eman zien: "Orduan, nik Londres bonbardatuko dut!".

2008ko uztailean atxilotu zuten Karadzic saiatu zen Mladic buruzagi militar kargutik kentzen gerra amaitu aurretik, baina goi kargudunen kontrako iritziarekin egin zuen talka.

Jenerala Daytoneko bake Akordioak sinatu ondoren kargugabetu zuten, eta 1996tik ihesean egon da.

Jugoslaviarako Nazioarteko Zigor Auzitegiko Fiskaltzak beti salatu izan du Mladic Serbian zegoela, baina bertako agintariek zioten ez zekitela non zegoen.

Slodoban Milosevic Serbiako buruzagi ohia agintean egon zen artean, 2000ko urrira arte, Mladic Serbian zehar lasaitasun osoz ibiltzen zela diote zurrumurruek eta jatetxeetan, futbol partidetan eta beste leku publikoetan bere presentzia ohikoa omen zen.

2005. urte erdi aldera, Serbiako zerbitzu sekretu militarrek baieztatu zuten Mladic 2002. urtera arte Belgradeko Banovo Brdo auzoan daukan etxean bizi izan zela eta, zenbaitetan, Armadaren instalazioetan ere hartu izan zuela ostatu.

Alabaina, 2002an hari ostatu emateari uko egin zioten eta, ordutik, haren arrastoa galduta zeukaten.

Serbiako agintaritza judizialek 2006an jarri zuten martxan bost zibilen eta erretiratutako bost militarren kontrako prozesua, Mladici ezkutatzen laguntzeagatik.

Gainera, haren emaztearen kontrako prozesu judiziala ere zabalik dago, haren etxean armak legez kanpo edukitzeagatik.

Mladic Bosarekin ezkonduta dago eta seme bat daukate, Darko. Azken horrek Belgraden daukan etxea hainbat alditan miatu dute aita topatzeko arrastoak bilatu nahian. Mladicen alabak, Anak, bere buruaz beste egin zuen Bosniako gerra zibilean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea