Mundua -
Bermepean
Strauss-Kahn Rikers Islandeko espetxetik atera da
Denboraldi batean giltzapeturik izateko zentro batera eraman dute NDFko zuzendari ohia, izan ere, fidantzapeko askatasuna lortzeko baldintza guztiak ez ditu oraindik bete.
Erredakzioa
Dominique Strauss-Kahn Nazioarteko Diru Funtsako (NDF) zuzendari ohia Rikers Islandeko espetxetik ateratzeko agindua eman du AEBetako epaile batek. Denboraldi batean giltzapeturik izateko zentro batera eraman dute NDFko zuzendari ohia, izan ere, fidantzapeko askatasuna lortzeko baldintza guztiak ez ditu oraindik bete.
Milioi bat dolarreko fidantza entregatu diote AEBetako Justiziari Strauss-Kahnen abokatuek, eta baita beste bost milioi dolarreko bonu bat ere. Etxean giltzapeturik geratzeko asmoa zuen NDFko agintari ohiak, baina oraindik baldintza hori betetzeko etxebizitzarik ez du New Yorken.
Gainera NDFko zuzendari ohiaren abokatuek pasaportea eta beste bidai-agiri batzuk entregatu dituzte.
Aske geratzen denean eta etxean giltzapeturik dutenean, Strauss-Kahn zaintzapean izango dute etengabe eta egunean ezin izango du lau bisita baino gehiago jaso, fidantzak ezarritako baldintzen arabera.
Biziarteko pentsioa
Bestalde, NDFko zuzendari ohiak 250.000 dolarreko (175.000 bat euro) kalte-ordaina jasoko du erakundea utzi ostean, eta baita biziarteko pentsio bat ere.
Finantza-komunikabide batzuk lehenxeago jakinarazi dute, baina NDFk gaur baieztatu du informazio hori. Strauss-Kahnek 250.000 dolarreko kalte-ordaina jasoko du.
Era berean, Frantziako ekonomialariak biziarteko pentsio bat jasoko duela onartu du erakundeak, baina finantza-komunikabideek zehaztutako diru kopuruak ukatu ditu. Izan ere, pentsioa urtero 250.000-320.000 dolarrekoa izango dela argitaratu dute komunikabideek.