Mundua -
NDFren zuzendaria kartzelatuta
Strauss-Kahn zaintza berezipean dago ez dezan bere buruaz beste egin
Eskandaluak eskandalu, frantziarren % 54k uste dute Alderdi Sozialistak irabaziko dituela hauteskundeak. Boto-emaile sozialisten erdiak baino gehiagok uste du Strauss-Kahn konplot baten biktima dela.
Erredakzioa
Dominique Strauss-Kahn Nazioarteko Diru Funtsaren zuzendariari zaintza berezia jarri diote New Yorkeko Rikers Island presondegian ez dezan bere buruaz beste egin, NBC telebista-kate estatubattuarrak jakitera eman duenez.
Erregimen berezi horrekin, guardiek 15 edo 30 minutuan behin egiaztatuko dute Strauss-Kahn osasun egoera onean dagoela. NBCk zabaldu duenez, material bigunarekin estalitako ziega batean dago eta lokarririk gabeko oinetakoekin. Kartzelako mediku departamentuko langile batek agindu zuen neurri horiek jartzea badaezpada ere.
"Legez presoen osasun historialak sekretukoak badira ere, preso guztiei protokolo berbera jartzen diete eta horren arabera, presoak bere buruari edo gainerako presoei egin diezaieketen kaltearen neurrikoa izango da prebentzioa", departamentuaren bozeramailearen esanetan.
Frantziarrek sozialisten garaipena ikusten dute oraindik
Frantziako herritarren % 54k uste dute Alderdi Sozialista izango dela datozen hauteskunde presidentzialen garailea, nahiz eta Strauss-Kahn izan sozialisten hautagai nagusia&' || 'nbsp; sexu-eskandaluan nahastu zen arte, CSAk egindako inkesta batean agertzen denez.
Inkesta horren arabera, François Hollande izango da presidentetzarako hautagai sozialista, Martin Aubry Alderdi Sozialistaren egungo buruaren aurretik.
Hautesle sozialisten artean, % 70k uste dute hauteskundeak irabaziko dituztela, izan ere, Strauss-Kahnen atxiloketa bere etsaiek egindako konplota dela pentsatzen dute.
Adituek diote Strauss-Kahnen aferak mesede egingo diola Nicolas Sarkozy presidenteari, baina agian Le Penek jasoko dituen botoak Sarkozyren kalterako izango direla.
Inkesta egiteko, CSAk 1.007 pertsonari egin zien galdeketa maiatzaren 16an, NDFren zuzendariaren atxiloketaren ondoren.
Baimendutako sexu-harremanak
Baimendutako sexu-harremana izan zela argudiatu du Strauss-Kahnen defentsak, New York Post egunkariak gaur jakitera eman duenez.
"Gure iritziz, frogek ez dute bortxaketa izan denik baieztatzen", adierazi du Benjamin Brafman NDFko arduradunaren abokatuak egunkari horretan. Michael Jackson, P.Diddy eta Jay-Z abeslariak defendatu ditu Brafman abokatu ospetsuak AEBetan.
Bien bitartean, NDFko zuzendariak ustez eraso egin zion emakumearen abokatuak azaldu duenez, biktimak "aparteko" trauma bat sofritu zuen eta ez da lantokira eta etxera bueltatu.