Mundua -

Kartzelatuta

Strauss-Kahn New Yorkeko Rikers Island presondegian sartu dute

Epaileak maiatzaren 20an, ostiralean, jarri du hurrengo auzi-saioa. Aurretik Strauss-Kahnen abokatuek milioi bat dolarreko bermepean aske uztea eskatu dute, baina atzera bota dute eskaria.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Domique Strauss-Kahn Nazioarteko Diru Funtsaren zuzendaria New Yorkeko Rikers Island kartzelan sartu dute eta bertan egongo da datorren ostirala arte gutxienez, epaileak bermepeko askatasuna ukatu ondoren.

New Yorkeko Kartzela Departamenduko iturriek jakinarazi dutenez, politikari frantziarra behin behinean sartu dute kartzelan eta bera bakarrik egongo da ziega batean eta ez du beste presoekin harremanik izango.

Bortxaketa saiakera eta sexu-erasoa

Dominique Strauss-Kahn Nazioarteko Diru Funtsako (NDF) zuzendaria atxiloturik mantentzea erabaki du Melissa Jackson Manhattango Auzitegiko epaileak. Era berean, epaileak bista berri bat deitu du ostiralerako.

62 urteko Strauss-Kahn bortxaketa eta sexu-abusu saiakerak egotzi dizkiote eta 25 urteko espetxe-zigorra ezar liezaiokete, Cyrus Vance Manhattango fiskalak iragarri duenez.

AEBetatik alde egiten baldin badu itzultzera behartzea ezinezkoa izango litzatekeela azaldu dute fiskalek. Horregatik, Strauss-Kahn atxiloturik mantentzea eskatu dute.

Zentzu horretan, auzitegiko medikuek egindako aurreneko frogek auzi-jartzailearen bertsioa baieztatu dutela adierazi dute fiskalek.

Bestalde, NDFko zuzendariaren abokatuek milioi bat dolarreko bermepean aske uztea eskatu dute. Akusazio guztiak gezurtatu dituzte atxilotuaren abokatuek eta "seguru aski libre geratuko" dela esan dute.

Triste eta nekatuta

NDFko zuzendariak New Yorkeko epaitegiaren aurrean deklaratu du sexu-abusuen akusazioei aurre egiteko. Antza denez, akusatua triste eta ahul zegoen. Strauss-Kahn bere abokatuekin heldu da epaitegira.

Bortxaketa saiakera, sexu ekintza delitua eta legez kanpoko atxikitzea egotzi dio NDFko arduradunari Manhattan erdialdeko hoteleko langileak, iragan larunbatean ustez egindako erasoarengatik.

NDFren bilera

Bilera informal batean Straus-Kahnen aurka aurkeztutako akusazioak aztertu ditu gaur Nazioarteko Diru Funtsak, baina erakundeko presidente gisa duen etorkizunaz ez du xehetasunik eman.

Strauss-Kahn auziaren txosten bat jaso du Kontseilu Betearazleak. "Zuzendariaren kontra aurka aurkeztatutako karguen berri izan du batzordeak New Yorkera egindako bisitan", jakinarazi du erakundeak komunikatu labur batean. Hala ere, egoeraren nondik norakoak "zaintzen" jarraituko dituela erantsi du NDFk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea