Mundua -
Atxiloturik jarraituko du
Strauss-Kahn bermepean aske uztea ukatu du epaileak
Horrela, fiskalek egindako eskaera onartu du Manhattango magistratuak. Aurretik Strauss-Kahnen abokatuek milioi bat dolarreko bermepean aske uztea eskatu dute.
Erredakzioa
Dominique Strauss-Kahn Nazioarteko Diru Funtsako (NDF) zuzendaria atxiloturik mantentzea erabaki du Melissa Jackson Manhattango Auzitegiko epaileak. Era berean, epaileak bista berri bat deitu du ostiralerako.
62 urteko Strauss-Kahn bortxaketa eta sexu-abusu saiakerak egotzi dizkiote eta 25 urteko espetxe-zigorra ezar liezaiokete, Cyrus Vance Manhattango fiskalak iragarri duenez.
AEBetatik alde egiten baldin badu itzultzera behartzea ezinezkoa izango litzatekeela azaldu dute fiskalek. Horregatik, Strauss-Kahn atxiloturik mantentzea eskatu dute.
Zentzu horretan, auzitegiko medikuek egindako aurreneko frogek auzi-jartzailearen bertsioa baieztatu dutela adierazi dute fiskalek.
Bestalde, NDFko zuzendariaren abokatuek milioi bat dolarreko bermepean aske uztea eskatu dute. Akusazio guztiak gezurtatu dituzte atxilotuaren abokatuek eta "seguru aski libre geratuko" dela esan dute.
Triste eta nekatuta
NDFko zuzendariak deklaratu egin du New Yorkeko epaitegiaren aurrean, sexu-abusuen akusazioei aurre egiteko. Antza denez, akusatua triste eta ahul zegoen.
Strauss-Kahn bere abokatuekin heldu da epaitegira, eta datozen orduetan Melissa Jackson epaileak akusazioa irakurri egingo du.
Bortxaketa saiakera, sexu ekintza delitua eta legez kanpoko atxikitzea egotzi dio NDFko arduradunari Manhattan erdialdeko hoteleko langileak, iragan larunbatean ustez egindako erasoarengatik.
Politikari eta ekomomialari sozialista New York hegoaldeko epaitegira heldu da, bilurtuta eta atxiloketan zuen kolore iluneko jantzi berdina soinean zuela.
Rikers Island espetxera eramango duteNDFren bilera
Bilera informal batean Straus-Kahnen aurka aurkeztutako akusazioak aztertu ditu gaur Nazioarteko Diru Funtsak, baina erakundeko presidente gisa duen etorkizunaz ez du xehetasunik eman.
Strauss-Kahn auziaren txosten bat jaso du Kontseilu Betearazleak. "Zuzendariaren kontra aurka aurkeztatutako karguen berri izan du batzordeak New Yorkera egindako bisitan", jakinarazi du erakundeak komunikatu labur batean. Hala ere, egoeraren nondik norakoak "zaintzen" jarraituko dituela erantsi du NDFk.