Mundua -

Bortxaketa saiakera egotzita

Baliteke Poliziak Strauss-Kahnen gorputzean atzaparkadak aurkitu izana

NDFko zuzendaria atxiloturik mantentzea eskatu dute fiskalek. Bestalde, Strauss-Kahnen abokatuek milioi bat dolarreko bermepean aske uztea eskatu dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

New Yorkeko Poliziak atzaparkadak aurkitu omen ditu Dominique Strauss-Kahn Nazioarteko Diru Funtsaren zuzendariaren gorputzean, Frantziako komunikabide batek zabaldu duenez. AEBetako hiri honetan atxilotu zuten Strauss-Kahn, hotel bateko langile bat bortxatzen saiatzeagatik.

Aipatutako komunikabideak Frantziako diplomatikoen eta Gobernuaren arteko mezu batzuen edukia eman du jakitera. Horien aburuz, "ustezko egilearen gorputz enborrean zenbait atzaparkada atzeman dira eta egotzi dioten delitua ukatu du". Jasotako informazio horren arabera, datozen asteetan edo hilabeteetan prozesua irekiko dute, "herri-epaimahaiak auzia epai dezan".

Dagoeneko NDFko zuzendariak deklaratu egin du New Yorkeko epaitegiaren aurrean, sexu-abusuen akusazioei aurre egiteko.

Strauss-Kahn bere abokatuekin heldu da epaitegira, eta datozen orduetan Melissa Jackson epaileak akusazioa irakurri egingo du.

Bortxaketa saiakera, sexu ekintza delitua eta legez kanpoko atxikitzea egotzi dio NDFko arduradunari Manhattan erdialdeko hoteleko langileak, iragan larunbatean ustez egindako erasoarengatik.

62 urteko politikari eta ekomomialari sozialista New York hegoaldeko epaitegira heldu da, bilurtuta eta atxiloketan zuen kolore iluneko jantzi berdina soinean zuela.

Fiskalen eskakizuna

AEBetatik alde egiten baldin badu itzultzera behartzea ezinezkoa izango litzatekeela azaldu dute fiskalek. Horregatik, Strauss-Kahn atxiloturik mantentzea eskatu dute.

Zentzu horretan, auzitegiko medikuek egindako aurreneko frogek auzi-jartzailearen bertsioa baieztatu dutela adierazi dute fiskalek.

Bestalde, NDFko zuzendariaren abokatuek milioi bat dolarreko bermepean aske uztea eskatu dute. Akusazio guztiak gezurtatu dituzte atxilotuaren abokatuek eta "seguru aski libre geratuko" dela esan dute.

New Yorkeko Poliziaren arduradun batek azaldu duenez, "aurkitutako DNAren arrastoak aztertzen ari dira" eta iturri honen arabera, "azterketen emaitzak ezagutzeko bost egun gutxienez itxaron beharko ditugu". Frantziako Gobernuari helarazitako mezu horiek diotenez, Strauss-Kahnen aurka aurkeztutako salaketa "oso fidagarria" da.

Alabarekin bazkaltzen zegoela dio Strauss-Kahnek

Hotel bateko langilea bortxatzen saiatzearen delitua ukatu du Dominique Strauss-Kahn Nazioarteko Diru Funtsaren zuzendariak. Honen arabera, ustezko erasoaren ordu berean alabarekin New Yorkeko jatetxe batean bazkaltzen zegoen. Ondoren, aireportura joateko taxi bat hartu zuen, Parisera bidaiatzeko asmoa baitzuen.

Taxian bertan, telefono mugikor bat hotelean ahaztu zuela konturatu zen eta ondorioz, hotelera deitu zuen. Deia honi esker, agenteek aurkitu eta atxilotu zuten hegazkinean zegoela.

Deklarazio honen arabera, Strauss-Kahnek New Yorkeko Sofitel hotela 12:00ak inguru utzi zuen eta bortxatzen saiatzea leporatu dion hoteleko langilearen aburuz, erasoa ordubete beranduago izan zen. Defentsaren abokatuaren hitzetan, horrek frogatuko luke politikariak ez zuela langilea bortxatu. NDFren zuzendariaren abokatuak joan den larunbatean Strauss-Kahnek egindako mugimendu guztiak zuritzen saiatzen ari dira. Horren harian, salaketa jarri zuen emakumea etekin ekonomikoaren bila dabilela dio defentsak, RMC irrati kateak zabaldu duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea