Mundua -

NDFren zuzendaria

Atzeratu egin dute Strauss-Kahnen agerraldia mediku-probak egiteko

Hotel bateko langile bat bortxatzen saiatzea leporatzen diote eta defentsa abokatuak jakinarazi duenez,medikuaren azterketa egitea onartu du.Epailearen aurreko deklarazioa hemengo 17:00etan izango da.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dominique Strauss-Kahn Nazioarteko Diru Funtsaren zuzendariak aurreikusitakoa baino beranduago emango du deklarazioa epailearen aurrean. Izan ere, mediku azterketak egitea onartu du eta horrek atzeratu egin du agerraldia, William Taylor defentsa abokatuak jakitera eman duenez.

"Gure bezeroak mediku eta auzitegi-mediku azterketa egitea onartu du bart. Gobernuak eskatuta eta zein ordu den ikusita, agerraldia bihar goiza arte atzeratzea erabaki dugu", adierazi du abokatuak Manhattango epaitegiaren kanpoaldean.

Strauss-Kahnen egoerari buruz galdetuta, Taylorrek esan du "nekatuta baina ondo" dagoela. Nazioarteko Diru Funtsaren zuzendaria New Yorkeko JFK aireportuan atxilotu zuten Parisera abiatu aurretik, gaua igaro zuen hoteleko langile bat bortxatzen saiatzea leporatuta.

Ez die Euroguneko erreskateei eragingo

Dominique Strauss-Kahn Nazioarteko Diru Funtsaren zuzendariaren atxiloketak ez omen die Euroguneko zorraren krisiak jota dauden herrialdeen erreskateei eragingo, Europako Batzordeko bozeramaile baten esanetan.

"NDFren erabakiak hartzeko prozesuan erabateko jarraipena egongo dela espero dugu", adierazi du Amadeu Altafaj Ekonomia eta Moneta Gaietarako bozeramaileak prentsaurreko batean.

Dena dela, "ez da zalantzan jartzen erreskateen inguruko erabakiak alda daitezkeela" Satrauss-Kahnen atxiloketaren ondoren, gaineratu du.

Kazetari frantziar batek ere sala dezake

Tristane Banon kazetari eta idazle frantziarra Dominique Strauss-Kahn NDFren zuzendariaren kontrako salaketa jarri ala ez pentsatzen ari da duela urte batzuk ustez sexu erasoa egin ziolako, David Koubbi emakumearen abokatuak azaldu duenez.

Idazlearen arabera, Strauss-Kahnek sexu-erasoa egin zion 2002an etxebizitza batean elkarrizketa bat egiten ari zirenean. Banonek telebista-saio batean eman zuen horren berri bost urte geroago, 2007an, baina familiaren egoeragatik (Alderdi Sozialistari lotuta zegoen) ez zuen erasotzailearen izena eman eta ez zuen salatu.

Bortxaketa saiakera

Frantziako politikaria, Nicolas Sarcozyri presidentzia kentzeko aukera gehien duen hautagaitzat hartu izan dutena, New Yorkeko poliziak John Fitzerald Kennedy aireportuan atxilotu zuen, Air France etxeko hegazkin baten barruan zegoela, Parisera abiatzeko prest.

Strauss-Kahn, 62 urtekoa, Manhattaneko Biktima Berezien Unitatera eraman dute eta han galdeketa egin diote, Paul Browne New Yorkeko Polizia bozeramaileak azaldu zuenez. Momentuz, Diru Funtseko agintari nagusiaren aurkako kargu formalik ez dute aurkeztu. Edozein kasutan, Manhattaneko iturri judizialek iragarri dutenez gaur pasako da epailearen aurretik, emakume bat bortxatzen saiatzea egotzita, besteak beste.

Kalez jantzitako agenteak Air France etxeko hegazkinera joan ziren larunbatean 16:45ak aldera (hemen 20:45ak aldera), eta Strauss-Kahn atxilotu zuten, New Yorkeko Polizia Departamentuan ordu batzuk lehenago Manhattan erdian dagoen Sofitel hoteleko garbitzaile baten salaketa jaso baitzuten.

Gaztearen kontakizuna

Polizia Departamentuko bozeramaileak adierazi zuenez, 32 urteko emakumeak salatu du Strauss-Kahnen gelara sartu zenean, biluzik aurkitu zuela eta bere (emakumearen) gainera bota zela, felazio bat egitera behartzen saiatuz.

Zerbitzariak ihes egitea lortu eta lankideei gertatutakoaren berri eman omen zien; laster Poliziari deitzea erabaki zuten. Agenteak hotelera heldu zirenean, Strauss-Kahn ez zegoen bertan, eta presaka samar alde egin zuen susmoa dute, logelan hainbat objektu pertsonal utzi baitzituen, tartean telefono mugikorra.

Aurrekaria, 2008an

Ez da Strauss-Kahnek horrelako arazoak dituen lehen aldia. Nazioarteko Diru Funtsako presidentea ikerketu egin zuten, erakundearen barruan, langile batekin izandako harremanetan botere-abusua egin zuen ala ez erabakitzeko.

Strauss-Kahn errugabea zela erabaki zuten orduan.

Strauss-Kahnen ibilbidea

Gertatutakoak kalte handia egingo lioke Strauss-Kahnek dituen helburu politikoei. Izan ere, oraindik hautagaitza formalki aurkeztu gabe daukan arren, jakintzat ematen da Nazioarteko Diru Funtsan duen kargua uztekotan zela datorren urtean Frantzian egingo diren hauteskunde presidentzialetara aurkezteko.

Frantziako legediaren arabera, Strauss-Kahnek ekainaren 13ra arte du bere helburu politikoen berri emateko epea. Inkestek orain arte abantaila nabarmena eman diote Nicolas Sarkozy egungo Presidente kontserbadorearen aurrean.

Dominique Strauss-Kahn Frantziako Alderdi Sozialistako kidea da eta 2007tik Nazioarteko Diru Funtsaren buruzagitzan dago. Urte horretan Frantziako hauteskunde presidentzialetara hautagaitza aurkeztea zen bere helburua, baina Segolene Royal aurkeztu zen azkenean. Ekonomiako Katedraduna ogibidez, ibilbide politikoa Frantziako Parlamentuan hasi zuen Ekonomia ministro moduan, Lionel Jospin lehen ministroa gobernuan zegoela, 1999ra arte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea