Mundua -

New Yorkeko aireportuan

Nazioarteko Diru Funtsako zuzendaria atxilotu dute sexu erasoagatik

Dominique Strauss-Kahn 62 urteko politikari frantziarra gaur pasako da epailearen aurretik New Yorken; emakume bat bortxatzen saiatzea egozten zaio, besteak beste.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazioarteko Diru Funtsako zuzendari nagusia, Dominique Strauss-Kahn New Yorken atxilotu dute hotel bateko zerbitzari bati ustez egindako sexu erasoengatik, Polizia iturriek esan dutenez.

Frantziako politikaria, Nicolas Sarcozyri presidentzia kentzeko aukera gehien duen hautagaitzat hartu izan dutena, New Yorkeko poliziak John Fitzerald Kennedy aireportuan atxilotu du, Air France etxeko hegazkin baten barruan zegoela, Parisera abiatzeko prest.

Strauss-Kahn, 62 urtekoa, Manhattaneko Biktima Berezien Unitatera eraman dute eta han galdeketa egiten ari zaie, Paul Browne New Yorkeko Polizia bozeramaileak iragarri duenez. Momentuz, Diru Funtseko agintari nagusiaren aurkako kargu formalik ez dute aurkeztu. Edozein kasutan, Manhattaneko iturri judizialek iragarri dutenez gaur pasako da epailearen aurretik, emakume bat bortxatzen saiatzea egotzita, besteak beste.

Kalez jantzitako agenteak Air France etxeko hegazkinera hurbildu dira larunbatean 16:45ak aldera (hemen 20:45ak aldera), eta Strauss-Kahn atxilotu dute, New Yorkeko Polizia Departamentuan ordu batzuk lehenago Manhattan erdian dagoen Sofitel hoteleko garbitzaile baten salaketa jaso baitute.

Gaztearen kontakizuna

Polizia Departamentuko bozeramaileak esan duenez, 32 urteko emakumeak salatu du Strauss-Kahnen gelara sartu denean, biluzik aurkitu duela eta bere (emakumearen) gainera bota dela, felazio bat egitera behartzen saiatuz.

Zerbitzariak ihes egitea lortu eta lankideei gertatutakoaren berri eman omen die; laster Poliziari deitzea erabaki dute. Agenteak hotelera heldu direnean, Strauss-Kahn dagoeneko ez zegoen bertan, eta presaka samar alde egin duen susmoa dute, logelan hainbat objektu pertsonal utzi baititu, tartean telefono mugikorra.

Aurrekaria, 2008an

Ez da Strauss-Kahnek horrelako arazoak dituen lehen aldia. Nazioarteko Diru Funtsako presidentea ikerketu egin zuten, erakundearen barruan, langile batekin izandako harremanetan botere-abusua egin zuen ala ez erabakitzeko.

Strauss-Kahn errugabea zela erabaki zuten orduan.

Strauss-Kahnen ibilbidea

Gertatutakoak kalte handia egingo lioke Strauss-Kahnek dituen helburu politikoei. Izan ere, oraindik hautagaitza formalki aurkeztu gabe daukan arren, jakintzat ematen da Nazioarteko Diru Funtsan duen kargua uztekotan zela datorren urtean Frantzian egingo diren hauteskunde presidentzialetara aurkezteko.

Frantziako legediaren arabera, Strauss-Kahnek ekainaren 13ra arte du bere helburu politikoen berri emateko epea. Inkestek orain arte abantaila nabarmena eman diote Nicolas Sarkozy egungo Presidente kontserbadorearen aurrean.

Dominique Strauss-Kahn Frantziako Alderdi Sozialistako kidea da eta 2007tik Nazioarteko Diru Funtsaren buruzagitzan dago. Urte horretan Frantziako hauteskunde presidentzialetara hautagaitza aurkeztea zen bere helburua, baina Segolene Royal aurkeztu zen azkenean. Ekonomiako Katedraduna ogibidez, ibilbide politikoa Frantziako Parlamentuan hasi zuen Ekonomia ministro moduan, Lionel Jospin lehen ministroa gobernuan zegoela, 1999ra arte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea