Mundua -
Mugak
EBko gainerako herrialdeek Danimarkaren azalpenak onartu dituzte
Danimarkaren ordezkarien hitzetan, ez dituzte pasaporteak aztertuko, baizik eta drogen, armen eta pertsonen trafikoa zaintzeko kontrolak zorroztu.
Erredakzioa
Europar Batasuneko Barne ministroek Danimarkaren azalpenak onartu dituzte gaur, eta ez dute, hortaz, Eskandinaviako herrialdeak Alemaniarekin eta Suediarekin dituen mugetan kontrolgune finkoak jartzeko erabakia gaitzetsi. EBko Barne ministroen arabera, "gaizki-ulertu" bat izan dena.
Soren Pind Danimarkako Integrazio ministroaren esanetan, kontrolak areagotzea EBko legeekin bat dator, eta Suediak, Herbehereek eta beste hainbat herrik egiten dute. Pinden hitzetan, ez dituzte pasaporteak eskatuko; drogen, armen eta pertsonen trafikoa zaintzeko kontrol handiagoa ezarriko dute.
"Danimarkako ministroak hitza eskatu du bilera hasieran, eta Danimarkaren erabakiak Schengengo Ituna errespetatzen duela ziurtatu du. Ez da eztabaidarik izan. Denek onartu dute Danimarkako ministroak esandakoa", esan du Sando Pinter Hungariako Barne ministroak. Hungariari dagokio EBren txandakako presidentetza.
Atzo, Europako Batzordeak argibideak eskatu zizkion Danimarkari; izan ere, pertsonen joan-etorria eragozterik onartuko ez zuela esan zuen, baina gaur zuhurrago jardun da. "Oraingoz ez dugu neurria aztertzeko astirik izan, eta, beraz, oso zaila da horri buruz hitz egitea", esan du Cecilia Malmtrom Barne komisarioak. "Gaia aztertu behar dugu, eta geroago hitz egingo dugu horri buruz", gaineratu du.