Mundua -
'Ekialdeko lurrikara handia'
Japonia, duela bi hilabete izandako lurrikararen ostean
Japoniako agintariek baieztatu dutenez, 15.000 lagun inguru hil eta 10.000 desagertu dira. Alarma nuklearra oraindik ez da amaitu eta langileak Fukushimako zentrala egonkortzen saiatzen ari dira.
Erredakzioa
Asteazken honetan Polizia Agentzia Nazionalak jakitera eman duenez, 14.949 hildako eta 9.880 lagun desagertu utzi dute duela bi hilabete Japonia astindu zuen lurrikarak eta ondorengo tsunamiak.
Hondamendi honi ''ekialdeko lurrikara handia'' izena eman zaio eta guztira, 25.000 biktima inguru izan dira. Hala ere, agintariek adierazi dutenez, baliteke hildakoen kopurua handiagoa izatea, pertsonen bilaketa lanak oraindik amaitu ez direlako.
Bestalde, Japoniako Meteorologia Agentziak ohartarazi duenez, lurrikarak izandako intentsitatea dela eta, bost gradutako intentsitatea izan dezaketen erreplikak oraindik espero dituzte (lurrikarak neurtzeko Japoniak duen eskalan, zazpi da intentsitate punturik handiena).
Naoto Kan lehen ministroak azpimarratu duenez, Bigarren Mundu Gerratik Japoniak pairatutako tragediarik handiena izan da.
Larrialdi nuklearra
Martxoaren 11an izandako lurrikararen ondorioz, Fukushima-1 zentral nuklearrean larrialdi egoera piztu zen. Istripu hau Txernobilen gertatutakoarekin parekatu dute eta langile japoniarrak hura egonkortzen ari dira oraindik ere.
TECPO Fukushima Daiichi zentralaren kudeaketaz arduratzen den enpresak azaldu duenez, tsumaniaren ondorioz hozte-sistema barik geratu ziren erreaktoreak "geldialdi hotzera" eramateko asmoa dute, sei eta bederatzi hilabeteko epe bitartean.
Halaber, baliteke Naoto Kan Japoniako lehen ministroak Gobernua erreformatzea ekainaren amaiera aldera, berreraikuntzari ekiteko sail berriak sortzeko, Kyodo tokiko agentziak zabaldu duenez.
Krisiak iraun bitartean, bere soldatari uko egin dio Kanek. Aste honetan bertn Hamaokako zentral nuklearra, Japoniako arriskutsuena, gelditu dute, segurtasun neurriak direla eta. Horren harian, Kan lehen ministroak nabarmendu duenez, beharrezkoa da herrialdearen politika energetikoa berriz aztertzea.