Mundua -

Al Kaidaren kontrako operazioa

Bin Ladenek etxean grabatutako bost bideo zabaldu ditu Pentagonoak

Iturri ofizialek NBC telebista kateari jakinarazi diotenez, Abbottabaden aurkitutakoa "lider terrorista bati inoiz atzemandako inteligentziako material kopururik handiena da".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osama bin Ladenek etxean grabatutako bost bideo zabaldu ditu Pentagonoak. Horietan Al Kaidako liderra Abbottabadeko etxean ageri da propagandarako hitzaldien saioak egiten, grabatutakoa telebistan ikusten, soinean arropa ezberdinak daramatzala.

Bideoak kazetari talde txiki bati erakutsi dizkiete Pentagonoan, Washingtonen, eta AEBetako komandoek Bin Laden hil zuten operazioan atzemandako materialaren parte dira.Irudietan Bin Ladenen eguneroko bizitzako momentuak ere ikusten dira. Bideoak audiorik gabe erakutsi dituzte, izan ere, AEBetako agintariek audioarekin erakustea "desegokia" dela esaten dute.

Bideo batean AEBei zuzendutako mezua dago, iazko urrian edo azaroan grabatutakoa. Defentsa Departamentuaren arabera, mezu horretan Al Kaidako liderrak Washingtonen polítika eta kapitalismoa gaitzesten ditu.

"Bideoek argi uzten dute Bin Ladenek Al Kaidako propaganda jardueretan lanean jarraitzen zuela, batez ere bere irudiaren kontrolarekin zerikusia zuten gaietan", adierazi dio CNN kateari inteligentziako funtzionario batek.

Iturri honen arabera, azken egunetan aztertutako materialek "Bin Laden Al Kaidako liderra izaten jarraitzen zuela" baieztatzen dute, "operazioei lotutako argibide taktikoak eta estrategikoak ematen zituen".

Inoiz baino material gehiagoBin Ladeni asteleheneko operazioan atzemandako informazioa "agintari terrorista bati inoiz aurkitutako inteligentzia material kopururik handiena da", iturri ofizialek NBC kateari azaldutakoaren arabera.

Material horretan oinarrituta, Abbottabadeko etxea, Islamabad hiriburutik 50 kilometrora, "kontrolerako eta aginterako Al Kaidaren zentro estrategikoa zen".

Orokorrean hartuta, informazioak Bin Ladenek Yemengo eta Somaliako atentatuen antolakuntzan izandako papera baieztatzen du. Horrez gain, Al Kaidako zuzendaritzako kide asko herrialdeko barrualdeko hainbat lekutan izkutatuta daudela frogatzen du, Pakistaneko herritarren babesean, eta ez bakarrik mugaren inguruetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea