Mundua -

Heriotzaren nondik norakoak

Bin Laden fusila hartzera omen zihoan tiro egin ziotenean

"NY Times"ek dioenez, Bin Ladenek ez zeraman armarik gainean, baina AK-47 fusila hartzera omen zihoan. Pakistango Armadak AEBei ohartarazi die bere lurraldearen subiranotasuna berriro ez bortxatzeko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"NY Times"ek Osama Bin Ladenen heriotzaren inguruan datu berri gehiago kaleratu ditu. Egunkariak dioenez Bin Ladenek ez zuen armarik soinean baina AK-47 moduko fusil bat hartzera zihoala egin zioten tiro indar estatubatuarrek.

Egunkariak kaleratu berri dituen datuak Dianne Feinstein senatzaile demokratak esandakoarekin bat datoz. Senatuko Inteligentzia Batzordeko presidenteak Bin Ladenek AK-47 fusila eta Makarov pistola zituela adierazi zuen atzo.

Dena den, Osama Bin Ladenen kontrako erasoa "kaotikoa" eta "odoltsua" izan zela dio "NY Times"ek.

Egunkariak dio AEBetako komandoak operazioaren hasieran bakarrik jaso zituela tiroak, Bin Ladenen konfiantzako mezulariak gonbidatuen eraso egin zienean, hain zuzen.

Ondoren, eraikin nagusian, mezulariaren anaiari eta Bin Ladenen seme bati egin zioten tiro, nahiz eta gainean armarik ez izan. Azkenik, goiko solairuan, Bin Ladeen egin zioten tiro alboan zituen AK-47 fusila eta Makarov pistola hartzera zihoala. Erasoan, Al Kaidako buruaren alboan zegoen emakumeak zauriak jasan zituen.

Pakistanen ohartarazpena AEBei

Pakistango Armadako buruak AEBei ohartarazi die bere lurraldearen subiranotasuna berriro ez urratzeko joan den astelehenean Osama Bin Ladenen kontra egindako erasoagatik.

Horrelakorik berriro gertatzen bada Washingtonekin duten "lankidetza" berrikusiko dutela azaldu du.

Al Kaidako liderraren kontrako operazioaren ondoren, Pakistango Armadak akatsak onartu zituen Bin Ladenen inguruan, baina AEBetako zerbitzu sekretuek ez zutela inoiz informaziorik partekatu argitu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea