Mundua -

Etxe Zuria

Bin Ladenen gorpuaren argazkiak buruan zauri sakona erakusten du

Argazkia "beldurgarria" zela ohartarazi zuen atzo Etxe Zuriak. Jasotako tiroetako batek eragin zion zauria erakusten du irudiak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Etxe Zuria Osama Bin Ladenen gorpuaren argazki bat argitaratzea aztertzen ari da. Argazkian gorpuak buruan duen zauri handi bat ikus daiteke, CBS telebistak jakinarazi duenez. Gainera, garuna ikusten zaio gorpuari.

Argazkia "beldurgarria" zela ohartarazi zuen atzo Etxe Zuriak. Jasotako tiroetako batek eragin zion zauria erakusten du irudiak. Bin Ladenek bi tiro jaso zituen. Horietako bat ezker begiaren gainetik sartu zitzaion eta garezurra zabaldu zion, ondorioz, burmuinaren zatiak galdu zituen.

Al Kaidako buruzagiak gertutik bi tiro jaso zituen soldaduei aurre egin zienean, AEBek jakitera eman dutenez. Bin Laden ez zuen armarik, baina aurre egin zien erasotzaileei.

Tiroetako batek buruan jo zuen eta bigarrena bularretik sartu zitzaion.

Bin Ladenen gorpuaren irudia argitaratu edo ez aztertzen ari da Etxe Zuria. Izan ere, Jay Carney Etxe Zuriko bozeramaileak atzo onartu zuenez, argazkiak "beldurgarriak" dira.

"Defentsa nazionaleko ekintza"

Osama Bin Laden akabatu zuen operazio militarraren legezkotasuna defendatu du Eric Holder AEBetako fiskal nagusiak. Era berean, Al Kaida sare terroristaren errepresaliak egon daitezkeela ohartarazi du.

Senatuan egindako agerraldian, Bin Ladenen heriotzarekin AEB seguruago daudela azaldu du Holderrek eta operazioa "defentsa nazionaleko ekintza" izan dela erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea