Mundua -

Bin Laden hil dute

Bin Ladenen alaba batek aita bizirik atzeman zutela adierazi du

Ondoren familia guztiaren aurrean tiroz hil zutela adierazi die Pakistango segurtasun indarrei 12 urteko alabak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osama Bin Ladenen alaba batek aita bizirik atzeman zutela eta ondoren senitartekoen aurrean tiroz exekutatu zutela adierazi die Pakistango segurtasun indarrei, Al Arabia telebista katearen arabera.

Estatubatuarrek Bin Ladenen eta bere seme baten gorpuak hartuta alde egin ondoren heldu ziren Pakistango segurtasun indarrak operazioa egin zen etxera. Eraikinean lau gorpu gehiago topatu zituzten eta bi emakume eta 2 eta 12 urte arteko sei haur atxilotu zituzten.

Horietako batek, Bin Ladenen 12 urteko alabak, indar estatubatuarrek aita bizirik atzeman zutela eta ondoren senitartekoen aurrean tiro egin ziotela adierazi die ikerketaz arduratzen ari diren Pakistango indarrei.

Bin Laden eraikinaren beheko solairuan zegoela adierazi du Al Arabia telebista kateak. Ez omen zuen armarik soinean eta etxean zegoen inork ez omen zien tiro egin indar estatubatuarrei

Pakistango segurtasun indarren arabera, etxea miatu zutenean ez zuten ez armarik ez lehergailurik topatu, ezta bunkerrik ere.

Atxilotuak Islamabadera eraman dituzte, Rawalpindiko ospital militarrera. Emakume horietako bat, Yemengoa, familiaren osasunaz arduratzen zen medikua omen da. Beste emakumea, berriz, Bin Ladenen emazteetako bat dela uste dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea