Mundua -
Bin Laden hil dute
Etxe Zuria: 'Bin Ladenek ez zuen armarik hil zuten unean'
Al Kaidako buruzagiaren aurkako operazioaren berri ez zioten eman Pakistani AEBek, horrek misioa arriskuan jar zezakeelako. Pakistango Gobernuak AEBen operazioa baimendu zuenik ukatu du.
Erredakzioa
AEBetako soldaduek Osama Bin Ladenen kontra tiro egin zutenean Al Kaidako buruzagiak "ez zuen armarik", Etxe Zuriak gaur jakinarazi duenez.
Jay Carney Etxe Zuriko bozeramaileak prentsaurrekoan azaldu duenez, Bin Laden eta haren senitartekoak Abbottabadeko (Islamabadetik gertu) egoitzaren bigarren eta hirugarren solairuetan aurkitu zituzten. Al Kaidako buruzagiak soldaduei aurre egin zien eta AEBetako indarrek tiro egin zioten.
Carneyren esanetan, Bin Ladenen emazteetako bat korrika hasi zen eta tiro bat jaso zuen hankan. Bin Ladenek bi tiro jaso zituen, buruan eta bularrean.
Etxe Zuriak jakinarazi duenez, Osama Bin Ladenek ez zituen armarik etxean, baina "ez dira armak behar oztopoak jartzezko", gaineratu dute.
Tiroz hil ostean, Carl Vinson hegazkin-ontzi batean eraman zuten gorpua eta Arabiako itsasoan bota zuten ohitura islamiarren arabera: gorpua garbitu eta hil-ohial zuri batekin jantzi zuten.
Pisuak zituen poltsa batean sartu eta itsasora bota zuten otoitz egin ostean, Etxe Zuriak jakinarazi duenez.
Bin Ladenen aurkako operazioaren berri ez zioten eman Pakistani AEBek
Osama Bin Laden Al Kaidako buruzagiaren aurkako operazioaren berri ez zioten eman Pakistani AEBek, horrek misioa arriskuan jar zezakeelako, Leon Panetta CIAko zuzendariak Time aldizkarian egindako elkarrizketan azaldu duenez.
"Pakistanek helburuak jakinaren gainean jar zitzakeen", adierazi du Panettak. Al Kaidako buruzagia hil duen operazioaren ostean eskainitako aurreneko elkarrizketa da gaurkoa.
AEBek beste herrialde batzuekin lankidetzan operazioa abiatzea aztertu dute hilabetetan zehar, Pakistanekin bereziki, baina CIAk aliatuaren parte-hartzea baztertu zuen, "Pakistanekin lankidetza ezartzeko esfortzuek misioa arriskuan jar zezaketelako", esan du Panettak.
Bestalde, Pakistango Gobernuak AEBen operazioa baimendu zuenik ukatu du eta aurretiazko informaziorik ez zuela jaso erantsi du.
Komunikatu batean, "AEBetako Gobernuaren operazioa aurrera eramateko modua" erreparoekin hartu du Pakistango Atzerri Ministerioak.
Biharamun goxoa dute gaur AEBetan, Osama Bin Laden munduko terrorista bilatuena eta arerio publiko nagusia hil eta gero.
Zer dago Bin Ladenen ordenagailuan?Bien bitartean, AEBetako inteligentzia zerbitzuak Al Kaidako burua zenari atzemandako material informatikoa eta disko gogorrak aztertzen ari dira.
Iturri ofizialak aipatuta Politico webguneak jakinarazi duenez, "ehunka pertsona" ari dira informazioa aztertzen.
"Oso garrantzitsua izango da, nahiz eta % 10a bakarrik egon aztertzeko moduan. Dena garbitu zuten. Pentsatu al duzu behin ere zer egon daitekeen Osama Bin Ladenen disko gogorrean?", gaineratu dute aipatu iturriek.
Hilotza berea dela baieztatu dute
AEBetako Armadak Bin Ladenen gorpua itsasora bota aurretik, CIAko eta Defentsa Departamentuko adituek hilotza argazkiekin alderatu dute bera zela ziurtatzeko. Bin Ladenen senideekin DNA frogak ere egin dituzte eta Al Kaidaren buruzagia zela esan dezakete "% 99,9an".
Gainera, goi kargudun baten esanetan, Bin Ladenen emazteak Osama izenaz deitu zion AEBek etxean sartzea lortu zutenean.
AEBek itsasora bota dute Bin Ladenen gorpua, zerraldoa muturreko islamdarren tenplu bilaka ez zedin. Horrez gain, gorpuzkinak bere herrialdean jasotzeko prest agertuko litzatekeen gobernurik ez egoteko hartutako erabakia ere izan zen.
Munduko terrorista arriskutsuenaren kontrako operazioa Armadako eliteko talde batek egin zuen, luxu handiko etxebizitza batean, Islamabad inguruan, eta 38 minutu eskas iraun zuen.
Bin Laden tirokatuta hil zen soldadu taldea etxebizitzan sartu eta bertakoen kontra tiro egiten hasi zenean.