Mundua -
Bin Laden hil dute
Mundua, Bin Ladenen ondoren
Etxe Zuria gorpuaren argazkiak publikatu edo ez aztertzen ari da. AEBetako inteligentzia zerbitzuek hainbat disko gogor eta material informatiko atzeman dituzte Bin Ladenen jauregian.
Erredakzioa
Biharamun goxoa dute gaur AEBetan, Osama Bin Laden munduko terrorista bilatuena eta arerio publiko nagusia hil eta gero.
Barack Obama AEBetako presidenteak heriotzaren berri eman eta 24 ordura, Etxe Zuria gorpuaren argazkiak publikatu edo ez publikatu aztertzen ari da orain.
"Ahalik eta informazio gehien eman nahi dugu, AEBek eta mundu osoak gertatutakoa uler dezaten", azaldu du John Brennan terrorismo gaietan presidente estatubatuarrak duen aholkulariak, prentsaurrekoan. "Nahi ez duguna operazioaren arrakasta arriskuan jartzea da", gaineratu du.
Orain arte, AEBek ez dute gorpuaren irudirik banatu. Pakistango telebista-kate batek ustezko argazki bat publikatu zuen atzo, baina azkenean argi geratu zen faltsua zela.
Zer dago Bin Ladenen ordenagailuan?
Bien bitartean, AEBetako inteligentzia zerbitzuak Al Kaidako burua zenari atzemandako material informatikoa eta disko gogorrak aztertzen ari dira.
Iturri ofizialak aipatuta Politico webguneak jakinarazi duenez, "ehunka pertsona" ari dira informazioa aztertzen.
"Oso garrantzitsua izango da, nahiz eta % 10a bakarrik egon aztertzeko moduan. Dena garbitu zuten. Pentsatu al duzu behin ere zer egon daitekeen Osama Bin Ladenen disko gogorrean?", gaineratu dute aipatu iturriek.
Hilotza berea dela baieztatu dute
AEBetako Armadak Bin Ladenen gorpua itsasora bota aurretik, CIAko eta Defentsa Departamentuko adituek hilotza argazkiekin alderatu dute bera zela ziurtatzeko. Bin Ladenen senideekin DNA frogak ere egin dituzte eta Al Kaidaren buruzagia zela esan dezakete "% 99,9an".
Gainera, goi kargudun baten esanetan, Bin Ladenen emazteak Osama izenaz deitu zion AEBek etxean sartzea lortu zutenean.
AEBek itsasora bota dute Bin Ladenen gorpua, zerraldoa muturreko islamdarren tenplu bilaka ez zedin. Horrez gain, gorpuzkinak bere herrialdean jasotzeko prest agertuko litzatekeen gobernurik ez egoteko hartutako erabakia ere izan zen.
Munduko terrorista arriskutsuenaren kontrako operazioa Armadako eliteko talde batek egin zuen, luxu handiko etxebizitza batean, Islamabad inguruan, eta 38 minutu eskas iraun zuen.
Bin Laden tirokatuta hil zen soldadu taldea etxebizitzan sartu eta bertakoen kontra tiro egiten hasi zenean.