Mundua -
Amorruaren ostirala
Gutxienez 48 lagun hil dira Siriako erregimenaren aurkako protestetan
Hildakoen kopururik handiena Deraan, iraultzen epizentroan, jazo da, izan ere, 15 lagun hil eta 50 baino gehiago zauritu dira.
Erredakzioa
Bachar al Asaden erregimenari aurre egin diote gaur milaka lagunek Sirian. "Amorruaren ostiralean" protestek kaleak hartu dituzte eta gutxienez 48 lagun hil dira.
Hildakoen kopururik handiena Deraan (hegoaldean), iraultzen epizentroan, jazo da, izan ere, 15 lagun hil eta 50 baino gehiago zauritu dira, ''Bachar al Asaden aurkako iraultza'' erakundeak jakitera eman duenez.
"Siriako Guardia Errepublikarrak egindako sarraskia" azaldu du gobernuz kanpoko erakundeak Facebooken. Erasoa Saidako zubian gertatu da eta zaurituak gertuko ospitalera eta anbulategietara eraman dituzte.
Bestalde, Al Rostoneko herrixkan, Homsetik gertu, gutxienez bost lagun hil dira gaur, protestetan, ''Bachar al Asaden aurkako iraultzaren'' arabera.
Biktimen kopuruen berriak nahasgarriak eta baieztatzeko zailak dira, Damascoko erregimenak nazioarteko komunikabideei inposatutako murrizketen ondorioz.
Besteak beste, Yabla, Banias, Talbise, Qameshely, Huran, Hama, Damasco eta Duman manifestaldiak izan dira.
Hildako poliziak
Bestalde, Barne Ministerioko arduradun bat aipatuz Sana albiste-agentziak jakitera eman duenez, gutxienez hiru polizia hil ditu "talde terrorista batek" Homsen.
Azkenik, gutxienez lau soldadu hil eta beste bi bahitu dituzte bart Deraan, talde terrorista batek postu militar baten kontra egindako erasoan, albiste-agentzia berdinak azaldu duenez.