Mundua -
Erresuma Batua
May ordezkatzeko hauteskunde prozesua abiatu dute Alderdi Konsterbadorean
Guztira, hamaika dira May ordezkatzeko aurkeztu direnak. 313 diputatu kontserbadoreek bozketak egingo dituzte ekainaren 13, 18, 19 eta 20an, bi hautagai gelditu arte.
Agentziak | Erredakzioa
Theresa May Alderdi Kontserbadorean eta Gobernuan ordezkatzeko hauteskunde prozesua abiatu dute Erresuma Batuan; zergak, brexitaren kudeaketa eta droga kontsumoa dira eztabaidaren abiapuntuak.
Joan den ostiralean lehen ministroak dimisioa eman ostean, astelehen honetan hautagaitzak aurkezteko ordua heldu da; horretarako, alderdiko zortzi lagunen babesa izan beharko dute hautagaitza aurkezteko.
Guztira, hamaika dira May ordezkatzeko aurkeztu direnak; Boris Johnson eta Dominic Raab ministro ohiak zein Michael Gove eta Jeremy Hunt ministroak, tartean.
Alderdiaren araudiaren arabera, hautagaiak aurkeztu eta onartuak izan ostean, 313 diputatu kontserbadoreek bozketak egingo dituzte ekainaren 13, 18, 19 eta 20an, bi hautagai gelditu arte. Ondoren, alderdiko 125.000 kideek bozkatuko dute bi horien artean zein izango den Mayren ordezkoa.
Orain arte hautagaitza aurkeztu dute: Johnson; Hunt; Gove; Raab; Sajid Javid Barne ministroa; Andrea Leadsom; Matt Hancock, Osasun ministroa; Rory Stewart, Nazioarteko Garapenerako ministroa; Esther McVey, Lan eta Erretiro-pentsioen ministro ohia; Mark Harper, Migraziorako Estatu idazkari ohia; eta Sam Gyimah, Hezkuntzako Estatu idazkari ohia.
Hainbat hautagaik drogak hartu izana onartu dute
Hautagaitzen prozesuaren aurkezpenean ere polemika izan da, 20 urte zituela Gove Ingurumen ministroak kokaina hartu zuela onartu baitu. Horren aurrean, horren hautagaitza bertan behera gelditzeko eskatu dute batzuek.
Beste hautagai batzuek ere aitortu dute drogak probatu dituztela. Huntek, esaterako, gaztetan Indian kalamu eta jogurt edari bat hartu zuela onartu du; Rory Stewartek opioa hartu zuen Iranen, ezkontza batean; Raab, McVey, Leadsom eta Hancock hautagaiek, berriz, porruak erre zituzten ikasketa garaian. Gainerakoek esan dute ez dutela inoiz drogarik hartu.
Johnsonek nerabezaroan kalamua erre eta kokaina hartu zuela adierazi zuen 2007an.