Mundua -

Maroko

15 pertsona hil dira Marrakechen, atentatu baten ondorioz

Horietako 11 atzerritarrak dira. Leherketa Marrakecheko plaza nagusiko kafe batean jazo da eta "ekintza kriminal antolatua izan da'', Marokoko agintariek adierazi dutenez.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 15 pertsona hil dira, horien artean 11 atzerritar, Marrakecheko plaza nagusiko kafe batean izandako leherketaren ondorioz. Hasiera batean leherketa gas bonbona batzuek eragin dutela zabaldu bada ere, Jalid Naciri Marokoko Komunikazio ministroak baieztatu duenez, atentatua izan da. ''''Zantzu guztien arabera, ekintza kriminal antolatua izan da'''', esan du ministroak.

MAP Marokoko albiste-agentziak zabaldutako komunikatu batean, leherketa Jamma Lafna plazako Argana kafetegian jazo dela azaldu du Ministerioak. Eztandak gutxienez "hainbat nazionalitatetako" 14 hildako eta 20 zauritu utzi ditu. Ondoren, baina, beste bi pertsona hil dira, ospitalean.

"Tokian bildutako lehen datuek ekintza kriminala" izan dela azaltzen dute, Ministerioak jakinarazi duenez. "Leherketaren inguruabarrak argitzeko ikerketa zabaldu da", erantsi du.

Kafetegia jendez lepo zegoen

Reuters albiste-agentziako argazkilari baten arabera, kafetegia jendez lepo zegoen leherketa gertatu denean. Marokoko iturri ofizialen esanetan, hildakoen artean "kafetegiko bezeroak eta langileak daude".

Iturri berdinek azaldu dutenez, hasiera batean leherketa gas bonbona batzuek eragin dutela uste izan da. Plaza turisten ohiko helburu bat da eta saltzailez beterik egoten da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea