Mundua -

Iraultza demokratikoa Sirian

NBEk ez du akordioa lortu Siriako jazarpena gaitzesteko

Nazio Batuen idazkari nagusiak, baina, gaitzespen irmoa adierazi eta konponbide baketsua bilatzeko dei egin du. Ehunka zibil hil dira azken asteetan jazarpenaren ondorioz.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

NBEko Segurtasun Kontseilua ez da gauza izan Siriako agintariak manifestarien aurka egiten ari diren jazarpen basatia gaitzestea adosteko. Azken asteetan, ehunka zibil hil dira herrialde horretan, Segurtasun Indarren esku.

Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak, baina, irmo gaitzetsi du Siriako eta beste hainbat herrialdetako (Yemen eta Libia, kasu) indarkeria, eta gatazkei konponbide baketsua ematea eskatu du.

Segurtasun Kontseiluko estatu kideek gaitzespen zirriborroa aztertu dute bart. Alemaniak, Frantziak, Erresuma Batuak eta Portugalek aurkeztu dute, baina AEB ere alde agertu dira. Testu horretan, "nazioarteko araudi humanitarioa, giza eskubideak eta prentsa eta adierazpen askatasunak" errespetatu behar dituela gogorarazi diote Damaskori.

Errusiak eta Txinak zalantzak agertu dituzte. Biak Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorrak dira, beto eskubidea dute, eta herrialdeen "barne arazoetan" esku hartzearen aurka agertu ohi dira.

Erreforma demokratikoak eske martxoan protestak hasi zirenetik, 400 pertsona baino gehiago hil dira Bashar Al-Assad agintariaren (45 urte, 2000tik boterean) jazarpenaren ondorioz, gobernuz kanpoko hainbat erakundek salatu dutenez.

Bere aldetik, Elmi Ahmed Duale Siriak NBEn duen enbaxadoreak ukatu egin ditu jazarpen akusazioak, eta Gobernuak "manifestazio baketsuak" babesten dituela gaineratu du. Halaber, herrialdean "biktima zibil batzuk" baino ez direla izan eta hildako guztiak, "manifestariak zein segurtasun agenteak", "martiriak" direla adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea