Mundua -
Amnistia Internazionalak dio
Siriako segurtasun indarrek 393 herritar hil dituzte protestetan
Amnistia Internazionalak esan du 393 lagun hil direla Sirian protestak hasi zirenetik; horietatik 23 atzoko erasoetan. Halere, zifra horiek "askoz handiagoak" izan daitezkeela ohartarazi dute
Erredakzioa
Siriako gobernuak herritarren kontra darabilen errepresioaren kontrako jarrera nagusitzen hasi da nazioartean. Atzo Estatu Batuak izan ziren eta gaur Britainia Handia eta Europar Batasuna Siriari ziogorrak ezartzea aztertzen ari dira. Nolanahi ere, Libian ez bezala, ez dirudi neurri militarrik hartuko dutenik.
Bitartean, 393 lagun hil dira segurtasun indarren eskuetan Sirian duela bost aste demokraziaren aldeko protestak hasi zirenetik. Amnistia Internazionalak (AI) egindako estimazioen arabera, horietatik 23 siriar atzo hil ziren armadak Deraa hiriaren auka egindako erasoetan. Edozein kasutan, zifra horiek "askoz handiagoak" izan daitezkeela ohartarazi dute.
Komunikatu baten bitartez, erakundeak "Siriako Gobernuak herrian aldaketa eskatzen zuten oihuen aurrean izandako erantzun basatia" salatu du. Gaineratu duenez, armadak atzo eraikin zibilak eta bizileku guneak bonbardatu zituen Deraara iritsitakoan. Eta Amnistia Internazionalaren arabera gainera, hirian ez dago ez urik ezta elektrizitaterik ere.
Deraa Siriako protesten epizentro bihurtu da eta AIk egindako estimazioen arabera, gutxienez 393 lagun hil dituzte segurtasun indarren protestak hasi zirenetik. Egindako txostenean, Deraako eraso militarrean hil diren 23 pertsonen izenak jaso dituzte; "edozein kasutan, hildakoen kopuru orokorra askoz handiagoa izan daiteke", ohartarazi du.
"Asko artilleriaren erasoen ondorioz hil dira" eta Amnistia Internazionalaren iturriak azaldu dutenez, "kaleetan zaurituta zeudenei laguntzen saiatzen ari zirenei frankotiratzaileek eraso egin zietela diote informazioa batzuek". "Hilotz batzuk Omari meskitaren inguruan eta beste leku batzuetan gelditu ziren eta jendeari horiek jasotzea eragotzi zaio" gaineratu du erakundeak.
Gainera, AIren arabera, badirudi armadak armamentu pisutsua erabili duela Al Muadamiya auzoan, Damascon; eta komunikabideek zabaldu dutenez Douman ere manifestariak hil dira.
"Gobernuak izutua dirudi"
"Bere herriaren aurka artilleria erabilita, Siriako Gobernuak astelehenean erakutsi zuen protestak edozein prezioren truke isilarazteko prest dagoela, baita siriarren bizien truke ere", esan du Amnistia Internazionalak Ekialde Hurbilean eta Afrika Iparraldean duen zuzendariak, Malcom Smartek.
"Gobernu hau bere herriarekin izututa dagoela dirudi" salatu du Malcom Smartek. "Bashar al Assad presidenteak eskainitako kontzesioak eskasegiak izan dira eta beranduegi iritsi dira", eta azken gertaerekin Gobernua "bere benetako aurpegia" erakusten ari dela azaldu du AIk.