Mundua -
Gerra zibila
536 pertsona hil dituzte Boli Kostako sarraskietan, NBEren arabera
Frantziarentzat Gbagboren atxiloketa "berri ona" da. Boli Kostako presidenteak baieztatu duenez, buruzagi ohia epaituko dute.
Erredakzioa
Nazio Batuen Erakundearen Goi-Komisarioaren Bulegoaren ikertzaileek jakitera eman dutenez, joan den martxotik Boli Kostako mendebaldean izandako sarraskietan hildakoen 536 gorpu zenbatu dituzte.
Hildakoen gehiengoak guere etnikoak dira, Laurent Gbabgo presidente ohiaren aldekoak zirenak, eta hori dela eta Alassane Ouattara egungo presidentearen indar armatuek hil zituztela uste dute.
Ravina Shamdasani NBEko Bulegoaren bozeramaileak zehaztu duenez, "krimenak egin dituen edonor, berdin dio zein aldekoa den, nazioarteko irizpideei jarraituz epaitua izan beharko da".
"Berri ona"
Bestalde, Laurent Gbagbo Boli Kostako presidente ohiaren atxiloketa "berri ona" da, Frantziaren hitzetan. "Lehenik eta behin, berri ona da Boli Kostako herritarrentzat eta azkenean, demokraziarentzat", azaldu du Alain Juppe Frantziako Atzerri ministroak.
Gainera, Frantziako tropek ez zutela Gbagbo preso hartu nabarmendu du Juppek. Honen esanetan, Licorne misioaren Frantziako indarrek "helburu militarrak" bonbardatu zituzte Abiyanen. Ondoren, Alassane Ouattara presidentearen tropak sartu ziren buruzagi ohiaren etxean eta bertan atxilotu.
Gbagbo epaituko dutela iragarri du Ouattarak
Laurent Gbagboren aurkako prozedura judiziala abian jarri dutela iragarri du Alassane Ouattara Boli Kostako presidenteak, eta gaur atxilotutako agintari ohia "tratu duina jaso eta eskubide guztiak errespetatuko" dizkiotela azaldu du.
Hitzaldian, adiskidetze eta bake batzorde bat sortuko dutela iragarri du Ouattarak, azken urteetan herrialdean izandako sarraski eta krimen guztiak argitzeko. Gbagbo presidente ohiaren, Simone haren emaztearen eta atxilotuta diren lagun guztien eskubideak bermatzeko neurriak hartu dituztela ziurtatu du.