Mundua -
FRANTZIA
Notre Dameko sutea nahi gabe piztu zela uste du Parisko Fiskaltzak
Remy Heitzen esanetan, ez dago zantzurik nahita eragindakoa izan zela pentsatzeko. Argitu duenez, sua hasi zen unean 15 langile zeuden beharrean.
AGENTZIAK
Remy Heitz Parisko fiskalburuak nabarmendu duenez, oraingoz esku artean duten informazioaren arabera, ez dago zantzurik Parisko Notre Dame katedraleko sutea nahita eragindakoa izan dela pentsatzeko. "Ez dirudi nahita eragindakoa denik. Nahi gabe piztu zela da gure hipotesi nagusia", esan du Heitzek Frantziako hiriburuan emandako prentsaurreko batean.
Fiskalaren esanetan, oraindik ez dira hasi sutearen lekukoak galdekatzen, baina sua hasi zenean lanean 15 langile zeudela jakinarazi du. "Eskura ditugun bitarteko guztiak erabiliko ditugu egia ezagutzeko", erantsi du. Heitzen hitzetan, Polizia Judizialeko "50 ikerlari baino gehiago daude gertatutakoa aztertzen".
Parisko Fiskaltzaren arabera, 18:20an jaso zuten sutearen inguruko lehen abisua; bigarrena, 18:43an. Tarte horretan, katedralean zeuden lagunak atera zituzten.
Amatatuta
Gabriel Plus suhiltzaileen bozeramaileak goizean iragarri duenez, sutea "guztiz" itzali dute. Alabaina, kazetarien aurrean egindako adierazpenetan aitortu duenez, baliteke oraindik "fokuren bat" izatea, eta, hori dela eta, teilatuaren hondarrak zaintzen jarraituko dute.
Horren arabera, 100 bat suhiltzaile geratuko dira bertan, oraindik aktibo egon daitezkeen "fokuak" berriro piztea saihesteko. Horrez gain, atzokoan atera ezin izan zituzten artelan batzuk ateratzen saiatuko dira. Sua itzaltzeko lanetan bi polizia eta suhiltzaile bat zauritu direla ere jakinarazi du Plusek.
Sutearen ondorioz, teilatua eta erdiko orratza behera erori dira. Suhiltzaileen kalkuluen arabera, teilatuaren 1.000 metro koadro kiskali ditu suak.
Katedralaren fatxada eta bi dorreak salbatzea zuten helburu suhiltzaileek, eta baita lortu ere. Ikusteko dago egiturak sutearen kalteak jasaten dituen ala ez.
Horrela geratu da barrutik katedrala. Argazkiak: EFE
Bestalde, kazetarien aurrean egindako agerraldi inprobisatu batean Laurent Nuñez Estatu idazkariak azpimarratu duenez, "orain eraikina dago auzitan, ea egiturak nola irauten duen".
Berreraikitzea
Notre Dame katedrala berreraikitzeko dirua biltzeko kanpaina abiatuko dute gaur, Frantzian zein nazioartean. Luxuzko objektuak saltzen dituen Arnault familiaren Louis Vuitton enpresa taldeak dagoeneko iragarri du 200 milioi euro bideratuko dituela berreraikitze lanetarako.
Anne Hidalgo Parisko alkateak emaileen nazioarteko konferentzia bat egitea proposatu du, dirua biltzeko.
Bestalde, Valerie Pecresse Ile de France eskualdeko presidenteak aurreratu duenez, larrialdi kasuetarako laguntza funtsetik hamar milioi euro desblokeatuko ditu berreraikitze lanetarako.
Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteak eskaera egin die Europar Batasuneko gobernuei, Notre Dame katedrala berreraikitzeko lanetan beren ekarpena egin dezaten. "Estrasburgotik, Europar Batasuneko Frantziako hiriburutik, (berreraikitze) lanetan parte hartzeko dei egiten diet 28 herrialdeei. Badakit Frantziak bakarrik egin dezakeela, baina laguntza materiala ematea baino zerbait gehiago da", azaldu du Tuskek Europako Parlamentuan.
Halaber, Antonio Tajani Europako Parlamentuko presidenteak kutxa bat jarri du hemizikloaren kanpoaldean, nahi duenak dohaintza egin dezan. Horrez gain, egun bateko lanagatik europarlamentariei dagokien dieta (320 eurokoa) emateko gonbidapena egin die politikari italiarrak lankideei.