Mundua -
Gatazka Boli Kostan
Gbagboren egoitzari blokeoa ezarri diotela iragarri du Ouattarak
"Blokeoa egoitzaren inguruan ezarri dute auzoko bizilagunen segurtasuna bermatzeko", adierazi du Boli Kostako presidente hautetsiak.
Erredakzioa
Laurent Gbagboren eta haren familiaren gotorlekuari, jauregiari, blokeoa ezarri diotela iragarri du gaur Alassane Ouattara Boli Kostako presidente hautetsiak.
"Blokeoa egoitzaren inguruan ezarri dute auzoko bizilagunen segurtasuna bermatzeko", adierazi du Ouattarak Boli Kostako Telebistan (TCI).
Gbagbo ez doa
Boli Kostako presidente ohiaren azken mezua argia da: ez doa. Asteartean amore emango zuela uste bazen ere, azken orduetan Frantziak eta Nazio Batuen Erakundeak Gbagborekin izan dituzten elkarrizketek huts egin dute. Gaur goizean enfrentamenduak izan dira Abiyanen, Frantziako eta NBEko eta Gbagboren tropen artean.
Elakrrizketek huts egin dute; Alain Juppé, Frantziako Atzerri ministroak dio horren erruduna Gbagboren "amore eman nahi eza" dela. Bere aldetik, Don Mellok, presidente ohiaren bozeramaileak azaldu du Gbagbok ez dituela NBEk eta Frantziak mahai gainean jarri dizkioten dokumentuak sinatu "ez dutelako oinarri legal eta juridikorik".
Honen harira, Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak, Ban Ki-moon-ek, onartezintzat jo du Boli kostako presidentearen erresistentzia; uste du modu baketsu batean eman behar diola boterea hauteskundeak irabazi dituenari, Alassane Oouatarari.
Enbaxadore japoniarra, erreskatatuta
Boli Kostan dauden Nazio Batuen Erakundeko eta Frantziako tropek Abiyanen setiatuta zeukaten Yoshifumi Okamura, Japoniako enbaxadorea erreskatatu dute. Ordu batzuk lehenago bere etxea presidente ohiaren inadrrek erasotu zuten, Japoniako Atzerri ministroak azaldu duenez.
Japoniako komunikabieek esan dutenez, erreskate horretarako, Frantziak eta NBEk helikoptero bat erabili behar izan dute.