Mundua -
Gerra zibila Boli Kostan
Frantziak Abiyango instalazio militarrak bonbardatu ditu
Errelatoreen arabera, bertako biztanleak desagerrarazten eta hitzen ari dira, baita haien aurkako sexu erasoak egiten ere. Frantziak iragarri duenez, 150 soldadu gehiago bidaliko ditu.
Erredakzioa
Frantziako hainbat helikopterok misilak jaurti dituzte Abiyango instalazio militarren aurka, Thierry Burkhard Frantziako indar armatuetako bozeramaileak jakinarazi duenez.
Frantziak bat egin du horrela Nazio Batuen Erakundeak Boli Kostan poblazio zibila babesteko abian jarritako operazioarekin. "Frantziako Licorne helikopteroek tiro egin dute operazio horien barne", azaldu du Burkhardek.
Burkharden hitzetan, "zenbait helburu" bonbardatu dituzte dagoeneko; besteak beste, arma gordailu bat eta "metrailadoreak eta suziri-jaurtitzaileak" zeraman ibilgailu armatu talde bat.
Frantziako Gobernuak Boli Kostan NBEko operazioan parte hartzeko baimena eman die astelehen honetan bere tropei. Operazio horien helburua zibilen babesa dela gogoratu dute. Halaber, Alassane Ouattara hauteskundetako irabazleak boterea hartzeko Gbagboren kargu uztea eskatu dute.
Frantziako bi lagun bahitu dituzte Boli Kostako Abiyanen
Hainbat lagun, besteak beste, bi frantziar atxilotu dituzte gaur Novoteleko hotel batean, Abiyanen, Boli Kostako hiriburu ekonomikoan, Efek jakinarazi duenez.
Boli Kostako zibilak hainbat krimen pairatzen ari dira, hala nola etxea utzi beharra, epaiketarik gabeko exekuzioak, sexu erasoak eta hilketak, Nazio Batuen Erakundearen errelatore berezien talde batek jakitera eman duenez.
"Baliteke herrialdean gertatzen ari direnak nazioarteko krimenak izatea eta, ondorioz, baliteke Nazioarteko Zigor Auzitegiak ekimenen bidez erantzutea", adierazi dute errelatoreek. "Egoera deitoragarria da eta bukatu egin behar da", salatu du Christof Heyns hilketa arbitrarioetarako errelatore bereziak. "Biztanleak helburu izango ez direla bermatu beharko dute krisiaren bi aldeek", gaineratu du.
Bestalde, Frantziak iragarri duenez, beste 150 soldadu bidaliko ditu Boli Kostara, biztanleak babesteko. Errefortzu honi esker, 1.650 soldadu izango ditu bertan Frantziak guztira.
Gerra zibila bihurtu da Boli Kostako krisialdi politikoa. Joan den azaroan, Lauren Gbagbo presidenteak boterea uzteari uko egin zion, hauteskundeak galdu arren. Gatazka honen eraginez milioi bat lagunek alde egin dute beren etxeetatik herrialdeko beste toki batzuetara edo atzerrira.
Abiyanen tiroak entzun dira
NBEko helikoptero batek Laurent Gbagbo presidentearen aldeko base militar baten aurka tiro egin du gaur, zenbait lekukoren arabera.