Mundua -
Gerra zibila
Boli Kostan zibilen aurkako krimenak salatu ditu NBEk
Errelatoreen arabera, bertako biztanleak desagerrarazten eta hitzen ari dira, baita haien aurkako sexu erasoak egiten ere. Frantziak iragarri duenez, 150 soldadu gehiago bidaliko ditu.
Erredakzioa
Boli Kostako zibilak hainbat krimen pairatzen ari dira, hala nola etxea utzi beharra, epaiketarik gabeko exekuzioak, sexu erasoak eta hilketak, Nazio Batuen Erakundearen errelatore berezien talde batek jakitera eman duenez.
"Baliteke herrialdean gertatzen ari direnak nazioarteko krimenak izatea eta, ondorioz, baliteke Nazioarteko Zigor Auzitegiak ekimenen bidez erantzutea", adierazi dute errelatoreek. "Egoera deitoragarria da eta bukatu egin behar da", salatu du Christof Heyns hilketa arbitrarioetarako errelatore bereziak. "Biztanleak helburu izango ez direla bermatu beharko dute krisiaren bi aldeek", gaineratu du.
Bestalde, Frantziak iragarri duenez, beste 150 soldadu bidaliko ditu Boli Kostara, biztanleak babesteko. Errefortzu honi esker, 1.650 soldadu izango ditu bertan Frantziak guztira.
Gerra zibila bihurtu da Boli Kostako krisialdi politikoa. Joan den azaroan, Lauren Gbagbo presidenteak boterea uzteari uko egin zion, hauteskundeak galdu arren. Gatazka honen eraginez milioi bat lagunek alde egin dute beren etxeetatik herrialdeko beste toki batzuetara edo atzerrira.