Mundua -
'The Guardian'en arabera
Gadafiren ordezkari bat Londresera joan da irtenbide bila
Mohamed Ismail da Britainia handira joan de diplomazialaria. Wikileaksek zabaldu zuenez, Tripolik sinatutako armen salerosketen sustatzaile nagusia da bera.
Erredakzioa
Muamar Gadafiren erregimenak konfiantzazko ordezkari bat bidali du Londresera agintari britainiarrekin elkarrizketa sekretuak egin eta gatazkari aterabidea emateko, The Guardian egunkariak gertuko iturriak aipatuta jakinarazi duenez.
Mohamed Ismail da diplomazialari hori, Saif al Islam Gadafiren semearen aholkulari nagusia. Wikileaksek duela gutxi zabaldu zituen dokumentu batzuetan agertzen denez, Tripolik sinatutako armen salerosketen sustatzaile nagusia da Mohamed Ismail.
Britainia Handiko Atzerri Gaietarako Ministerioaren bozeramaile batek hitz egin du The Guardian-ekin, baina ez du zehaztu nahi izan elkarrizketan zein gai jorratu dituzten. Hala ere, Ismaili helarazi dioten mezua "Gadafik alde egin behar duela" eta Nazioarteko Zigor Epaitegiak epaituko duela izan omen da.
Gadafiren erregimenak gatazkari amaiera estrategikoa emateko duen asmoaren baitan kokatu behar dira elkarrizketa horiek.
Musa Kusak ez du inmunitaterik izango
Musa Kusa Libiako Atzerri ministroa Muamar Gadafiren erregimena utzi eta Londresera heldu zen. Kusa "toki seguru batean" dago eta ez diote inmunitaterik emango, William Hague Britainia Handiko Atzerri ministroak jakitera eman duenez.
"Britainia Handiko leku seguru batean aurkitzen da une honetan eta orain aukera ezberdinak eztabaidatzen ari gara berarekin, zer egin erabakitzeko", azaldu du Haguek prentsaurrekoan. Kusa Britainia Handira ihes egin behar zuela orain gutxi enteratu zirela jakitera eman du Haguek. Libiako ministroa Britainia Handiko hegazkin militar batean heldu zen Tunisiatik.
Horrela, Gadafiren inguruan diren politikariei diktadorea bazterrean uzteko eskatu die Haguek, Kusak egin bezala. Britainia Handiko funtzionarioek Kusa galdekatu dutela adierazi du Atzerri ministroak. Kusa Britainia Handian dagoela aprobetxatuz, Eskoziako fiskaltzak Lockerbieko (1988) atentatuagatik galdekatu nahi du.
Epaiketa posibleei aurre egiteko inmunitaterik eskaini ez diotela ziurtatu du Willian Haguek. Hagueren ahotan, Kusaren desertzioak Libiako beste agintari batzuk gauza bera egitera anima ditzake.
"Eskuak odolez zikinduta ditu"
Bestalde, Kusak "eskuak odolez zikinduta" dituela esan du gaur Mustafa Gheriani matxinoen bozeramaileak. Libian gertatutako torturetan eta heriotzetan erantzukizuna du Kusak, eta baita erbestean hildako opositoreen kasuetan ere, Gherianiren hitzetan. Kusaren "desertzioak" Gadafiren erregimenaren ahultasuna agerian utzi du, erantsi du matxinoen bozeramaileak.
Zentzu horretan, Kusaren erabakiak Gadafi koronelaren erregimenean "zatiketa" dagoela demostratu du, Haguek adierazi duenez. Erregimena "presionaturik dago eta pikutara doa", erantsi du.