Mundua -
Gatazka Boli Kostan
Gbago presidente ohiak 'bukaerara arte' borrokatuko dela agindu du
Laurent Gbagbok "ez du kargua utziko, eta botereari eutsiko dio". Ouattara hauteskundeen irabazlearen indarrek inguratuta dute Gbagbo presidentea.
Erredakzioa
Boli Kostan bere kargua utzi behar duen presidenteak Europarako duen ordezkari baten hitzetan, Gbagbo "bukaerara arte” borrokatuko da, eta datozen orduetan edo egunetan nazioari zuzenduko zaio. Gbagbo Boli Kostan hiltzeko prest dagoen galdetuta, "bere idealek aginduta bukaeraraino” egingo duela esan dio Toussaint Alain ordezkariak Reuters albiste agentziari Parisen.
Alainen hitzetan, Gbagbo oposizioarekin negoziatzeko prest dago, baina ez du zehaztu zein motatako negoziazioa nahi duen. Europako ordezkariak jakinarazi duenez, Gbagborekin hitz egin du, eta "toki seguru" batean dagoela ziurtatu du.
Alassane Ouattara Boli Kostako presidente hautatuaren indarrek Laurent Gbagbo presidentearen jauregiari egin diote eraso, oposizioko Gobernuaren bozeramaile batek jakinarazi duenez.
"Bere etxea erasopean dago. Erresistentzia lana egiten badute ere, erasoak jasaten ari dira", adierazi du Patrick Achik. Era berean, Gbagbo ez dela jauregitik atera azaldu du, beraz, ez omen du boterea utziko, nahiz eta nazioarteak presioa egin.
Atzo gauean, Ouattararen indarrek RTI Estatuko telebistaren kontrola hartu zuten, izan ere, Gbagborekiko leialtasuna erakutsi zuen duela gutxi telebista kateak. Emisioa 22:45 aldera eten zuten, zenbait orduz Gbagboren eta Ouattararen indarrek borroka egin ondoren.
Boli Kostan krisi politikoa bizi dute azaroko hauteskunde presidentzialen emaitzak jakin zirenetik. Ouattarak irabazi zituen bozak, baina Gbagbo presidenteak ez du boterea utzi nahi, eta horrek bi buruzagien indarren arteko gatazka piztu du.