Mundua -

Bisita Japoniara

Araudi nuklearren erreforma bat eskatu du Sarkozyk

G-20 taldeko herrialdeen arduradun nuklearrekin bilera bat egin nahi du Frantziako presidenteak, Japonian gertatutakoaren ostean arau berriak ezartzeko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urtea bukatu baino lehen munduko araudi nuklearrak erreformatzeko dei egin du Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak Japoniara egindako bisitan. Lurrikara eta tsunamia gertatu zenetik atzerriko agintari batek egiten duen aurreneko bisita da.

Sarkozyk azaldu duenez, G-20 taldeko herrialdeen arduradun nuklearrekin bilera bat egin nahi du Frantziak maiatzean, Japonian gertatutakoaren ostean arau berriak ezartzeko.

Naoto Kan Japoniako lehen ministroak ideia hori babestu du. "Horrelako ezbeharrak berriro errepika ez daitezen gure betebeharra da esperientziak gainerakoekin partekatzea", adierazi du bileraren ostean.

Txernobilgo hondamendiaz geroztik izan den ezbehar larrienak energia nuklearraren segurtasunaren eta onuren inguruko eztabaida piztu du nazioartean.

Frantziak, energia nuklear gehien erabiltzen duen munduko Estatuak, Asiako lurraldeak bizi duen krisi nuklearrari aurre egin ahal izateko laguntza eskaini du.

Sarkozyk lurraldera egindako bidaiarekin helarazitako elkartasunaz gain, Frantziar estatutik, hainbat aditu bidali dituzte Japoniara. "Lankidetzat har nazazue", adierazi die Japoniako agintariei Anne Lauvergeon Areva enpresako zuzendariak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea