Mundua -

Bilera Londresen

Libiako harreman taldeak bere lehen bilera Qatarren egingo du

NBEko ebazpenak aplikatzeko orduan nazioarteak duen konpromisoa berresteko balio izan du bilerak, Britainia Handiko Atzerri ministroak azaldu duenez.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Londreseko bileran gaur sortu duten Libiako harreman taldeak bere lehen bilera Qatarren egingo duela iragarri du William Hague Britainia Handiko Atzerri ministroak, baina ez du datarik zehaztu.

Londresen Libiari buruz eztabaidatzeko egindako nazioarteko bilerari amaiera eman dion prentsaurrekoan, NBEko ebazpenak aplikatzeko orduan nazioarteak duen konpromisoa berresteko balio izan du bilerak, azaldu du Haguek.

Muamar Gadafik eta haren erregimenak "legitimitate osoa galdu dute eta euren ekintzen erantzule izango dira", adierazi du Haguek.

Zuzendaritza politikoa

Horrela, 40 bat Estatuetako Atzerri ministroek eta NBEko, Arabiar Ligako, Afrikako Batasunak, Europar Batasuneko, NATOko eta Konferentzia Islamiarreko ordezkariek "Libiako harreman taldea" sortzea erabaki dute "zuzendaritza politikoa" bere gain har dezan.

Bilerako ondorioen arabera, harreman taldeak "nazioarteko misioaren zuzendaritza politikoa" bere gain hartuko du, NBEren ebazpena praktikan jartzen dela bermatzeko, beti ere "NBErekin, Afrikako Batasunarekin, Arabiar Ligarekin eta Europar Batasunarekin elkarlanean Libiari laguntzeko".

Era berean, "nazioartearen erantzuna koordinatzeko foroa" izango da.

Clinton

Gadafik NBEko 1973 ebazpena bete bitartean, nazioarteko koalizioaren presioa bere horretan jarraituko duela esan du Hillary Clinton AEBetako estatu-idazkariak Londresen.

Gadafi "joan behar" dela argi geratu behar dela azpimarratu du Clintonek hitza hartu duenean, "buruzagitza galdu duelako".

Trantsizio Batzorde Nazionala

Muamar Gadafi koronelak edo haren senideren batek Libiara demokrazia ekarri behar duen prozesu politikoan parte-hartzea arbuiatu du Libiako Trantsizio Batzorde Nazionalak, matxinoen ordezkaritzak. Bestalde, nazioarteak matxinoen esku utz ditzakeen arma guztiak "ongietorriak" izango direla esan du Batzorde Nazionalak.

Batzordeko hiru ordezkari Londresera joan dira nazioarteko bilerari beraien egitasmoak helarazteko. "Bidezko hauteskunde askeak" izatea nahi du Trantsizio Batzorde Nazionalak, hiru ordezkariek komunikatu baten bidez azaldu dutenez.

Londreseko bileran ez dute parte hartu hiru ordezkariek, baina Hillary Clinton AEBetako, William Hague Britainia Handiko, Alain Juppe Frantziako eta Guido Westerwelle Alemaniako diplomaziaren buruzagiekin bildu dira, eta ez dute baztertu beste herrialde batzuekin biltzea ere.

Bestalde, nazioarteko koalizioko hegazkinek Tripoliko zenbait gunetik igaro dira gaur arratsaldean. Ondoren, hiru leherketa handi entzun dira Libiako hiriburuan, Al Arabiya kate publikoak iragarri duenez.

Saad izeneko Tripoliko herritar batek adierazi duenez, hegazkinek hiria bonbardatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea