Mundua -
Alarma nuklearra
Fukushimako egoera 'larria' dela onartu du Japoniako Gobernuak
Atzo, Fukushima zentral nuklearreko lurzoruan plutonio aztarnak aurkitu zituzten.
Erredakzioa
Fukushima-1 zentralean aurkitutako plutonio aztarnak eta itsasoan atzemandako erradiazioak egoera "larria" dela erakusten dute, Japoniako Gobernuak onartu duenez. Horrez gain, egoera "kontrolpean" ez dagoela gaineratu dute agintariek.
Atzo, Fukushima zentral nuklearreko lurzoruan plutonio aztarnak aurkitu zituzten. Kopuru txikia topatu zuten arren (osasunarentzat ez dira kaltegarriak), erreaktore batetik isuria egon dela probatuko luke plutonioak.
Orain 17 egun izandako lurrikarak eta ondorengo tsunamiak kalte larriak eragin dituzte Japoniako zentral nuklearretan, eta TEPCO enpresako langileak egoera hobetzen saiatzen ari dira.
Gaur, Naoto Kan Japoniako lehen ministroak esan du ezin dela jakin Fukushima Daiichi zentralaren egoera zein den. Horregatik, zentralaren nondik norakoei "oso adi" egongo direla gaineratu du.
Fukushimako sei erreaktoreak hozten saiatu dira TEPCOko langileak martxoaren 11tik (lurrikara izan zen egunetik), baina larunbatetik albiste txarrak datoz Fukushimatik. Egunero zailtasun eta traba berriak aurkitu dituzte langileek. Lurrikararen ondorioz, zentralaren sistema elektrikoa erabat suntsituta izan zen. Gaur, 1, 2 eta 3. erreaktoreetatik gertu dagoen ur erradiaktiboa ateratzen saiatzen ari dira.
Yukio Edano bozeramailearen esanetan, plutonioaren balizko irteerari "oso adi" egon behar dira. TEPCO enpresak hartutako azken erabakiekin oso kritiko agertu da Yukio Edano azken egunotan. Gobernuaren iritziz, orain garrantzitsuena Fukushimako erreaktoreak hoztea da, eta horretarako ura botatzen jarraitu behar dutela iragarri du.
Itzultzea zail
Fukushima-1 zentral nuklearraren inguruetan lan egiten edo bizi ziren milaka nekazariek eta arrantzaleek euren etxeetara inoiz bueltatzea zail dute.
Lurrikara eta tsunamia gertatu zirenetik bi aste baino gehiago pasa dira dagoeneko, eta irtenbide azkar bat bilatzeko itxaropenak ia desagertu dira.
Albiste txar bakoitzak alarmak pizten ditu Japonian, baina zentraletik gertu bizi ziren 200.000 lagunek dute okerren.