Mundua -
Gerra Zibila
Libiaren aurkako 'eraso basatia' eteteko eskatu die Gadafik aliatuei
Barack Obamak esan du Gadafi boteretik kentzen saiatuaz gero koalizioa zatituko litzatekeela. Libiaren egoera aztertzeko bilera egiten ari dira aliatuak Londresen.
Erredakzioa
Muamar el Gadafi Libiako presidenteak lurraldearen aurkako ''eraso basatia'' eteteko eskatu die aliatuei. Beste behin Libiak ez dagoela arazorik azpimarratu du eta gertatzen ari dena " Al Qaedaren aurkako borroka" baino ez dela gaineratu du.
Londresen Libiaren egoera aztertzeko bilduko diren ordezkariei zuzendutako eskutitz batean Gadafik esandakoa da, Jana agentzia ofizialak argitaratu du.
Aliatuak libiar herria ''suntsitzen'' ari direla dio bertan Gadafik.
Hitlerrek Europa bere mende hartzeko egindakoarekin alderatu ditu Gadafik koalizioaren ekintzak eta Nazio Batuen gutunarekin bat ez datozela azpimarratu du.
Obama: ''Gadafi boteretik kentzeko ahaleginak koalizioa zatituko luke''
Barack Obama AEBetako presidenteak adierazi duenez&' || 'nbsp;Muamar el Gadafi Libiako presidentea boteretik kentzea ez da aliatuen operazioen helburua .
AEBetako Defentsa Unibertsitatean Libiako krisiaren inguruan agerraldia egin du Obamak eta adierazi duenez '' indarra erabilita Gadafi boteretik kentzen saiatuko bagina koalizioa zatituko litzateke'' eta tropa aliatuentzako arriskuak areagotuko lirateke.
BIhar, asteazkena, operazioen ardura NATOri pasako diela ziurtatu du Obamak.
Aliatuen bilera Londresen
Libian militarki parte hartu duten nazioarteko koalizioko herriak Londresen bilera egiten ari dira gaur Muamar Gadafi koronelak Libiatik alde egiteko, eta hauteskunde askeak ekarriko duen eztabaida nazionala abiatzeko.
Libiaren inguruan sortutako "bitarteko taldearen" lehen bilera da hori; talde horrek, Atlantikoko Aliantzak, operazio militarraren gidaritza eta Libiako poblazio zibilaren babesa hartu du bere gain.
Aministia Internazionalaren salaketa
Libiako erregimenaren kontrako iraultza hasi zenetik Muamar Gadafiren aldeko indarrek jende asko desagertarazi eta atxilotu dutela salatu du Amnistia Internazionalak.
Erakundearen arabera 30 bat pertsona desagertuta daude Gadafiren aurkako protestak hasi zirenetik. Blogariak, politikariak, errebeldeak eta oposizioko jarraitzaileak dira gehienak.