Mundua -
ATENTATUA ZEELANDA BERRIAN
Hainbat adin txikiko daude Zeelanda Berriko atentatuetan hildakoen artean
12 pertsona oso larri daude. Ustezko egileetako bat kartzelatu egin dute, eta Gobernuak errifle semiautomatikoak debekatuko dituela iragarri du.
Jacinda Ardenr Zeelanda Berriko lehen ministroak larunbat honetan jakitera eman duenez, hainbat adin txikiko daude atzo Christchurch herriko bi meskitetan izandako atentatuen biktimen artean.
Guztira 49 pertsona hil zituzten, eta beste hainbeste zauritu. 36 pertsonak ospitaleratuta jarraitzen dute, eta horietako 12 larri daude. Okerren daudenen artean, 2 urteko ume bat eta 60 urteko pertsona bat daude.
Ardernek esan du Polizia ikerketa zail eta konplexua egiten ari direla. Lehen zantzuen arabera, Brenton Harrison Tarrant-ek, ustezko egiletzat atxilotu duten gizon australiarrak, erasoarekin jarraitzeko asmoa zuen geldiarazi zutenean.
Gaur goizean eraman dute Tarrant epailearen aurrera. Hilketagatik inputatu dute eta espetxera bidali du epaileak, hurrengo bistara arte. Hitzordua apirilaren 5ean izango da.
Lehentasuna, segurtasun publikoa
Mike Bush Zeelanda Berriko Poliziaren buruak azaldu duenez, "lehentasuna segurtasun publikoa bermatzea da, eta ez Christchurchen bakarrik, baizik eta nazio osoan". "Agenteak banatu ditugu herrialde osoan zehar " zehaztu du Bushek, eta daukaten beste eginkizunetako bat biktimei behar duten babesa eta ongizatea ematea dela ere gehitu du.
David Parker fiskal nagusiak, berriz, Gobernuak errifle semiautomatikoak debekatuko dituela iragarri du. Jacinda Ardener lehen ministroak esana zuen armen inguruko legedia aldatu egingo zutela.