Mundua -
Gerra Libian
Gadafiren jaioterriaren kontrola dutela iragarri dute matxinoek
Herri horretan (Sirte) dauden berriemaileek, baina, gezurtatu egin dute. NATOk "48 ordutan" hartuko du operazio militarren agintea.
Erredakzioa
Libiako matxinoek Sirte herria kontrolatzen dute dagoeneko, haien bozeramaile batek jakinarazi duenez.
Sirte herri garrantzitsua da. Izan ere, Muamar Gadafi diktadorearen sorterria da, eta, gainera, herrialdeko erdiguneko herri handienetakoa da.
"Baieztatuta dago, Sirte indar demokratikoen esku dago jada", esan du Shamsidin Abdulmola matxinoen eledunak.
Nolanahi ere, Sirte dauden berriemaileen esanetan, herria Erregimenaren esku dago oraindik.
Albistearen berri izan eta gero, Bengasiko bizilagunek airera tiro egin dute eta ibilgailuen klaxonak jo dituzte, garaipen hori ospatzeko.
Sirte matxinoen helburu estrategikoa zen. Oraingoz, Bin Jawad, Ras Lanuf, Brega eta Ajdabiya herrien kontrola dute, eta mendebaldean aurrera egiten jarraitzen dute.
Azken egunetan, matxinoek bizkortu egin dute erasoaldia, eta larunbatetik 450 kilometro baino gehiago egin dituzte, nazioarteko koalizioaren bonbardaketak lagun.
Sirte Tripolitik 450 kilometro ekialdera dago, eta bertan, Gadafik gonbidatu inportanteenak hartzen zituen. Libiako tribuentzat ere herri garrantzitsua da, eta matxinoek konkistatu izana erregimenaren gainbehera gertu dagoela erakuts lezake.
Bertan, gainera, Ministerio batzuen departamentuak eta arma biltegiak ere daude.
NATOk 48 ordutan hartuko du agintea
Bestalde, NATOk "48 orduta, gutxi gorabehera" hartuko du operazio militar guztien agintea, Carmen Romero bozeramaileak jakinarazi duenez.
Hogeita zortzi herrialde aliatuek akordioa lortu zuten atzo, NBEren Segurtasun Kontseiluko 1973 ebazpenaren ondorioz NATOk agintea har dezan, betiere Gadafiren bonbardaketetatik herritarrak babesteko.
Herrialdeak astebetez negoziatzen izan dira, baina azkenean zalantza gehien zituzten biek, Turkiak eta Frantziak, gainerakoekin ados jartzea lortu zuten.