Mundua -
Gerra zibila Libian
Aliatuen hegazkinek Gadafiren tropak bonbardatu dituzte Misratan
- Egoera oso larria da, zibilak eligakai, argindar eta sendagai gabe baitaude.
- Bestalde, matxinoak Gadafiren tropak borrokan ari dira Ajdabiyan.
Erredakzioa
Nazioarteko koalizioaren hegazkinek Muamar Gadafi Libiako diktadorearen tropak bonbardatu dituzte Misrata herrian, Tripoli eta Sirte artean, Al Jazeera telebista-kateak jakinarazi duenez.
Gadafiren tropek egunak daramatzate herriari erasotzen, tankeen eta frankotiratzaileen bitartez, eta zibilen mugimenduak galarazten ari dira.
Matxinoek arma gutxi dituzte, eta erasoak galarazteko zailtasunak izan dituzte. Gainera, hirian eta herritarren artean kalteak izateko arriskua handia da.
Al Yaziraren esanetan, hirian egoera oso larria da, ez baitute elikagairik, argindarrik eta sendagairik, eta zaurituen kopurua oso handia da.
Herritarrek ospitale-ontziak bidaltzeko eskatu dute, zaurituak artatu ahal izateko.
Borrokaldiak Ajdabiyan
Bestalde, matxinoak eta erregimenaren tropak borrokan ari dira gaur Ajdabiyan. Borrokaldi gogorren ondorioz, hiriko bizilagunek ihes egin dute, matxinoen iturriek jakitera eman dutenez.
Libiako hiririk garrantzitsuenetariko bat da Ajdabiya eta errepide nagusiak hiria Bengasirekin eta Tobrukekin lotzen du. Iragan asteartean Gadafiren indarrek hiriaren kontrola bereganatu zutenetik matxinoak berreskuratzen saiatzen ari dira.
Ajdabiya berreskuratzea aurrerapauso bat izango litzateke matxinoentzat. Gainera, nazioarteko hegazkinek egindako erasoak aprobetxatzen ari direla argi geratuko litzateke.
Bilera
NBEko ebazpena betez Libian bonbardaketak egiten ari den nazioarteko koalizioaren Atzerri ministroak datorren asteartean bilduko dira Londresen, Alain Juppe Frantziako Atzerri ministroak gaur iragarri duenez.