Mundua -

Kongresuan agerraldia

Operazioan parte hartzeko baimena eman dio Kongresuak Zapaterori

Hiru diputatuk kontrako botoa eman dute eta gainerako 336k, aldekoa. Zapaterok esan du helburua ez dela Gadafi Libiatik ateratzea, "genozidioa saihestea" baizik.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Libiako nazioarteko operazioan parte hartzeko baimena eman dio gaur Diputatuen Kongresuko osoko bilkurak Zapatero presidenteari. 336 diputatuk aldeko botoa eman dute eta hiruk kontrakoa.

Libiako nazioarteko operazioa "legala" eta "zilegia" dela esan du gaur Jose Luis Rodríguez Zapatero Espainiako presidenteak. Horren hitzetan, operazioaren helburua ez da Gadafi Libiatik botatzea, "herriaren aurkako genozidioa saihestea" baizik.

Argudio horiek erabiliz, Espainiako Gobernuak Libiako operazioan parte hartzeko baimena eskatu dio Kongresuari. Debekupeko aire-eremua kontrolatzeko hilabeteko baimena eskatu du Zapaterok, eta beste hiru arma-blokeoa bermatzeko.

Azaldu duenez, baliteke bi epe hauek "luzatu behar izatea". "Nazioarteko operazioak beharrizan berriak baditu, Gobernuak baimena eskatuko du berriro ere Kongresuan", adierazi du.

"Orain arte, arrakastatsua izan da operazioa. Bereizketarik gabe eginiko erasoak bertan behera gelditu dira. Baina mezua berbera da oraindik ere: Gadafik bere herria erasotzeko arriskua dagoen bitartean, beharrezkoa den indarra aplikatu dugu eraso horiek saihesteko", ohartarazi du.

Zapateroren atzetik, Mariano Rajoy PPko presidentearen txanda izan da. Gadafiren aurkako operazioak bere helburu nagusia lortuko duen zalantzan jarri du: "Gadafi boteretik botatzea, alegia".

Bere esanetan, "munduak hobera egingo du" Gadafik boteretik alde egiten badu. Hala ere, Libiaren aurkako operazioa "nork gidatzen" duen galdetu du Rajoyk kongresuan. PPk operazioaren alde egingo duela berretsi du Rajoyk, askatasuna eta libiarren eskubideak "babesteko helburuarekin".

EAJ, CIU, ERC, CC, UPyD eta UPNren ordezkariek aldeko botoa eman dute gaurko saioan. Aurkeztu dituzten argudioen artean, Nazio Batuek babestutako operazioa dela.

Josu Erkoreka jeltzaleak Libiako herritarrak "babestea" operazioaren helburu nagusia dela esan du. Nazio Batuek emandako babesa ere gogoratu du.

Hala ere, "baldintzarik gabeko babesa" ez dutela emango ohartarazi du. Gadafiren etorkizunaren edo Libiaren agintaritzaren inguruko agindurik ez dutela onartuko adierazi du Erkorekak.

"Desbideraketak hasten badira, kritikatu eta gaitzetsi egingo ditugu", bukatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea