Mundua -
Alarma erradioaktiboa Japonian
Japoniak Fukushimako alerta nuklearraren maila igo du
- Fukushimako egoera "oso serioa" dela esan du IAEAk, baina "okerrera egin ez" duela erantsi du.
- Zentrala argindarra jasotzen hasiko da pixkanaka, TEPCO enpresak jakinarazi duenez.
Erredakzioa
Japoniako agintariek 4. mailatik 5. mailara igo dute Fukushimako zentral nuklearrean ezarritako alerta egoera nahiz eta, itxura batean, zentralaren inguruko erradiazio maila apur bat jaitsi den.
Atzo&' || 'nbsp; helikopteroekin eta zisterna-kamioiekin hasitako hozte lanei ekin die berriro Fukushimako zentralean lanean ari diren larrialdi taldeek.
Yukio Edano Japoniako Gobernuaren bozeramailearen arabera 3. erreatorea hozteko lanek dute lehentasuna. Baina kamioiak zentraleko beste erreaktoreetara ere ura isurtzen ari dira tenperatura altuak baitituzte oraindik.
Bitartean zentraleko langileak horniketa elektrikoa berrezartzeko lanean ari dira burubelarri ura errazago eta arinago ponpatu ahal izateko.
Isuritako urari esker erreaktoreen ur-tangetan likidoa sartzea lortu dute eta zentralaren inguruan egin dituzten neurketek erradiazio maila bajuxeagoa jaso dute gaur.
Gobernuko ordezkariek oraindik erradiazioaren larritasuna onartu dute, baina neurtutako mailak osasunerako arriskurik ez duela suposatzen gaineratuta, beste behin, zentralaren inguruko 20 kilometroko segurtasun eremua zabaltzea baztertu dute.
Bestalde, Fukushima-1 zentralean argindarra berrezarri behar dutela jakinarazi du TEPCO enpresak. Antza denez, zentral nuklearra korrontera lotzea lortu dute eta pixkanaka argindarra jasotzen hasiko da. Horrek erreaktoreak hozteko sistemak berriro martxan jartzeko aukera emango du.
Egoera "oso serioa" da, baina "ez du okerrera egin"
Fukushimako zentral nuklearraren egoera "oso serioa" dela esan du gaur IAEAk, baina ostegunetik "okerrera egin ez" duela erantsi du.
Horrela, NBEko agentzia nuklearrak atzo egindako balorazio berdina egin du gaur.
Bestalde, IAEAko zuzendariak, Yukiya Amanok, Fukushimako zentral nuklearraren inguruan informazio gehiago emateko eskatu dio Japoniako Gobernuari.
Amano Tokiora joan da krisiatren nondik norakoak gertutik jarraitu ahal izateko.
IAEAren arabera, azken sei egunetan Fukushimako zentral nuklearrean izandako leherketetean 23 langile zauritu dira, bi desagertuta daude eta beste 20ek erradiazio maila altuak jasan dituzte.
Nazioarteko erakundeko ordezkariek ezohiko bilera egingo dute datorren astelehenean Vienan krisi nuklearra aztertzeko.
Minutuko isilunea
Lurrikara izan zenetik aste bat bete da gaur eta Japoniako parlamentariek, agintariek eta erreskate taldeetako kideek minutuko isilunea gorde dute hondamendiaren biktimak gogoratzeko.&' || 'nbsp;
Azken balantze ofizialaren arabera gutxienez 6.900 pertsona hil dira eta 10.700 desagertuta daude.
Momentuz, 26.000 lagun erreskatatu dituzte, Japoniako Gobernuaren esanetan.
Bestalde, 23.000 bat lagunek bakarturik jarraitzen dute lurrikararen zonan eta eguraldi txarrak ez du batere laguntzen erreskate operazioetan.