Mundua -
EB-Erresuma Batua
Mayk batasuna eskatu die diputatuei 'brexit'aren azken txanpan
Lehen ministroak gogorarazi du EB uzteko akordiorako "beharrezko konpromisoak" lortzeko bidean porrot egitea herritarrei "huts egitea" izango litzatekeela.
agentziak | erredakzioa
Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak kontserbadoreen batasuna eskatu du, eta "lehentasun pertsonalak" alboratzea, Brexitaren azken txanpan, Parlamentuak Bruselarekin akordioa onartze aldera.
Mayk gutuna bidali die bere alderdiko 317 diputatuei asteon kontaktu diplomatikoei ekin aurretik. Otsailaren 27an Brexitaren ituna aurkeztu nahi du Parlamentuan, Europar Batasunarekin "banandu" (martxoaren 29an) baino lau aste lehenago.
Kontserbadore euroeszeptikoen eta europazaleen arteko zatiketaren aurrean, lehen ministroak gogorarazi du EB uzteko akordiorako "beharrezko konpromisoak" lortzeko bidean porrot egitea herritarrei "huts egitea" izango litzatekeela.
Ostegunean, Parlamentuak atzera bota zuen Mayk aurkeztutako mozioa, Bruselarekin Brexitaren akordioan aldaketak egiteko negoziatzen jarraitzea eskatzen zuena.
Mozioa ez zen loteslea, baina agerian utzi ditu Mayk bere alderdiko euroeszeptikoak kontrolatzeko dituen arazoak, eta bi urtez Bruselarekin negoziatzen ari den akordioa aurrera ateratzeko dituen oztopoak.
Euroeszeptikoenek errefusatu egiten dute Irlandaren salbaguardia eremua, bi Irlanden arteko muga finkoa izatea galarazteko pentsatuta dagoena.
Mayk aldatu nahi duen "berme" horren arabera, Erresuma Batua aduana batasunean egongo litzateke, eta Ipar Irlanda ere merkatu bakarraren arau batzuen barruan egongo litzateke bi aldeen merkataritza harreman berria ezarri arte.
Mayk bermeak eskatzen ditu Erresuma Batua ez dadin merkatu bakarraren arauetara lotua egon, Londresek eta Bruselak akordiorik lotu ezean, eta 2020an amaituko den trantsizio epean.
Lehen ministroak akordioan aldaketak egiteko asmoa behin eta berriz berretsi badu ere, Europako Batzordeak argi adierazi du testua ez dutela aldatuko, eta hori dela Erresuma Batuak izango duen bakarra.
Datozen egunetan May Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidentearekin elkartuko da Bruselan, eta estatu bakoitzeko buruzagiekin ere bildu nahi du.