Mundua -
Alarma Fukushiman
Hiru eta lau erreaktoreen egoerak kezkatzen du Japoniako Gobernua
- Zentralaren 3. eta 4. erreaktoreetan erabilitako erregai nuklearra gordetzen duten ur-tangen egoerak kezkatzen du.
- 1, 2 eta 3 erreaktoreetako nukleoek kalteak dituztela baieztatu du OIEAk.
Erredakzioa
Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak (OIEA) ziurtatu duenez, Fukushima-1 zentralaren hirugarren eta laugarren erreaktoreetan erabilitako erregai nuklearra gordetzen duten ur-tangen egoerak kezkatzen du Japoniako Gobernua.
"Fukushimako 3 eta 4 erreaktoreetan erabilitako erregai nuklearra gordetzen duten ur-tangen egoera dela-eta kezkaturik daude Japoniako agintariak", adierazi du OIEAk.
Hirugarren erreaktorean ura sartzeko helikopteroak erabiliko ditu Defentsa Ministerioak. Laugarren erreaktorean operazio berdina egingo dute, baina lurretik, nazioarteko erakundeak jakitera eman duenez.
Hala ere, ura ponpatzen hasi baino lehen, iragan astelehenean 3 erreaktorean gertatutako leherketaren hondakinak kendu beharko dituzte. "Ura lainoztatzen hasi baino lehen, martxoaren 14an jazotako eztandaren hondakin batzuk kendu behar dira", azaldu du OIEAk.
Gainera, Fukushima Daiichiko 1, 2 eta 3 erreaktoreetako nukleoek kalteak dituztela baieztatu du OIEAk, baina egoera "kontroletik kanpo" dagoenik ukatu du.
"Egoera oso serioa da", onartu du Yukiya Amano erakundeko zuzendari nagusiak Vienan. Enpresa "erreaktoreen segurtasuna berrezartzeko ahal duen guztia egiten ari" dela erantsi du Amanok.
OIEAko zuzendari nagusia ahalik eta azkarren Japoniara joango da krisi nuklearraren kudeaketan laguntzeko.
Arriskua ezabatu ezinik
Leherketa nuklearraren arriskua ezabatu ezinik dabiltza Japonian, eta "apokalipsia" izatetik gertu gaude, Europako Batzordeko agintarien ustez. Krisia seigarren mailara iritsi da, zazpiko eskala batean, baina ez da baztertzen lehenago edo geroago zazpigarrenera heltzea, Txernobylen 1986an izandako istripuan gertatu zen bezala.
Bart beste sute bat piztu da Fukushimako zentral nuklearrean, eta isuri erradioaktiboa ez da eteten. Agintariek uste dute isuri erradioaktiboa bigarren eta hirugarren erreaktoreetan sortu dela.
Erradiazio maila handiaren ondorioz, helikoptero militarrek ezin izan dute ura bota hirugarren erreaktorean, eta orain zain daude operazioa berriz saiatzeko, Defentsa Ministerioaren iturriak aipatuta Kiodo agentziak jakinarazi duenez.
Erreaktore horretan, gainera, beste isuri erradioaktibo bat sortu den beldur dira, baina oraindik ez dakite zein den isuri horren larritasuna.
Gobernuak baimena eman du Fukushimako langileen erradiazio maila 250 milisievert artekoa izateko, nukleoa hozteko lanekin jarraitu ahal izateko. Dena dela, oraingoz ez dago argi erradioaktibitate hori kaltegarria izango ote den haien osasunarentzat.
Yukio Edano ministro bozeramailearen esanetan, zentralaren inguruan ezarritako 20 kilometroko eremuan erradiazioa ez da osasunarentzat kaltegarria.
Eremu horren barruan bizi direnei etxean geratzeko eta leihoak itxita izateko eskatu zieten atzo agintariek.
Ia 200 langile isuria geldiarazten saiatzen ari dira
5 eta 6 erreaktoreetan ura ponpatzen ari direla jakinarazi du Tokyo Electric Power Company (TEPCO) Fukushima-1 zentral nuklearraren enpresa jabeak. Bi erreaktore horiek arazo txikienak dituzte, baina nukleoak hoztu behar dira. Hala ere, lehentasun nagusia hirugarren erraktorea izaten jarraitzen du. Plutonioa erabiltzen duen bakarra da. Plutonioa uranioa baino askozaz kaltegarriagoa dela kontutan hartu behar da.
Azken orduetan 5 eta 6 erreaktoreetako tenperaturak gora egin du. Antza denez, ur-tangetan ur nahikoa dago, baina hozteko sisteman arazoren bat dago.
Geroxeago, Kiodo albiste-agentziak Gobernuko iturriak aipatuz jakitera eman duenez, hirugarren erreaktoreak kalte garrantzitsuak jaso dituenik ez du ematen.
Une honetan 180 langile ari dira lanean zentralean. Normalean 800 bat langilek egiten zuten lan zentralean. Atzo 50 langile baino ez ziren geratu zentralean eta gaur goizean alde egin behar izan dute.
Mehatxu erradiaktiboa dela-eta zirkulazioak behera egin du Tokio hiriburuan eta hiritarrek maskarilla gehiago dituzte gaur. Askok etxetik lan egiten dute dagoeneko eta atzerritar askok alde egitea erabaki dute, nahiz eta agintariek lasaitasun dei bat egin.
"Erradizio hilgarria"
AEBetako Batzorde Nuklearrak (NRC) ohartarazi duenez, Fukushiman lan egiten ari diren larrialdi taldeak erradiazio "dosi hilgarrien" eraginpean egon daitezke, erreaktoreetara hurbidu ezkero.
"Erreaktore lantegietatik gertu erradiazio maila altuak daudela uste dugu", adierazi du Gregory Jaczko NRCko zuzendariak. "Oso zaila izango litzateke erreaktoreetara gerturatzea. Dosiak hilgarrien eraginpean egon daitezke", ohartarazi du.
EB
Fukushimako zentralean datozen orduetan "hondamendi berri" bat gerta daitekeela ohartarazi du gaur Gunther Oettinger Europako Energia komisarioak.
"Japoniako artxipelagoko bizilagunak arriskuan jar ditzakeen hondamendi berri bat gertatzeko arriskua dago ondorengo orduetan", adierazi du Oettingerrek Europako Parlamentuko Ingurugiro Batzordean egindako batzordean. Atzo Fukushimako zentrala "kontroletik kanpo" zegoela esan zuen.
Biktimen kopuruak gora egin du
Lurrikararen eta tsunamiaren ondorioz 4.255 lagun hil eta beste 8.194 zauritu dira, Poliziako Agentzia Nazionalak igorritako azken balantzearen arabera.
Hildakoak Japoniako 12 prefekturatan topatu dituzte eta desagerpenak sei prefekturatan eman dira, balantzearen esanetan.
Hildakoen kopuruak oraindik gora egingo duela ohartarazi du agentziak, gorpu ugari aurkitzen ari direlako, kostaldean batik bat, urak atzera egin eta tsunami alertak kendu ostean.