Mundua -

Epaiketa

Herri-epaimahaiak 'Chapo' Guzman errudun jo du narkotrafikoa egotzita

Sinaloako kartelean erantzukizuneko kargu bat izateagatik errudun jo du epaimahaiak. Biziarteko kartzela-zigorra ezar diezaiokete orain.

Joaquin 'Chapo' Guzman atxilotu zutenean, Sinaloan (Mexiko). Argazkia: EFE
Herri-epaimahaiak 'Chapo' Guzman errudun jo du narkotrafikoagatik
Joaquin 'Chapo' Guzman atxilotu zutenean, Sinaloan (Mexiko). Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sinaloako kartelean erantzukizuneko kargu bat izateagatik Joaquin Chapo Guzman errudun jo du gaur auziko herri-epaimahaiak. Biziarteko kartzela-zigorra ezar diezaiokete orain. Droga-trafikoa egotzita auzipetu zuten.

Iragan astean 12 zinpekoek astelehenetik ostegunera hausnarketa egin zuten Brooklyngo gorte federalean. Eztabaidatzeko bigarren bilera-sorta astelehenean hasi zuten. Guztira, ia 34 orduko eztabaida izan dute zinpekoek, erabakia jakinarazi baino lehen.

Tonaka kokaina, heroina, marihuana eta metanfetamina Ameriketako Estatu Batuetara ekartzea leporatu diote 61 urteko Guzmani, Sinaloako kartelaren buruzagi gisa.

Mexikoko espetxeetatik bi aldiz ihes egin zuen Guzmanek, eta 2016ko urtarrilean atxilotu ondoren, AEBra estraditatu zuten urtebete geroago.

Sinaloako kartelaren benetako buruzagia Ismael El Mayo Zambada dela argudiatu du defentsak. Zambadak aske jarraitzen du.

Fiskaltzaren arabera, ostera, bi narkotrafikatzaileak bazkideak ziren. Hamaika astetan zehar 50 lekuko baino gehiagok deklaratu dute epaiketaren markoan.

Tartean, AEBko fiskalei laguntzea adostu zuten Guzmanen 14 bazkide ohik deklaratu dute. Herri-epaimahaiak zalantza legal batzuk planteatu zituen iragan astean, eta zenbait kolaboratzaileren testigantzak berrikustea eskatu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Drogak Epaiketak Mexiko Albisteak