Mundua -
Alarma erradioaktiboa Japonian
Fukushimako erreaktoreak hoztu ezinik
- Helikopteroek ezin izan dute ura bota hirugarren erreaktorean.
- Fukushimak "hondamendi berri" bat eragin dezakeela ohartarazi du EBk.
- Ia 200 langile isuria geldiarazten saiatzen ari dira.
Erredakzioa
Leherketa nuklearraren arriskua ezabatu ezinik dabiltza Japonian, eta "apokalipsia" izatetik gertu gaude, Europako Batzordeko agintarien ustez. Krisia seigarren mailara iritsi da, zazpiko eskala batean, baina ez da baztertzen lehenago edo geroago zazpigarrenera heltzea, Txernobylen 1986an izandako istripuan gertatu zen bezala.
Bart beste sute bat piztu da Fukushimako zentral nuklearrean, eta isuri erradioaktiboa ez da eteten. Agintariek uste dute isuri erradioaktiboa bigarren eta hirugarren erreaktoreetan sortu dela.
Erradiazio maila handiaren ondorioz, helikoptero militarrek ezin izan dute ura bota hirugarren erreaktorean, eta orain zain daude operazioa berriz saiatzeko, Defentsa Ministerioaren iturriak aipatuta Kiodo agentziak jakinarazi duenez.
Erreaktore horretan, gainera, beste isuri erradioaktibo bat sortu den beldur dira, baina oraindik ez dakite zein den isuri horren larritasuna.
Gobernuak baimena eman du Fukushimako langileen erradiazio maila 250 milisievert artekoa izateko, nukleoa hozteko lanekin jarraitu ahal izateko. Dena dela, oraingoz ez dago argi erradioaktibitate hori kaltegarria izango ote den haien osasunarentzat.
Yukio Edano ministro bozeramailearen esanetan, zentralaren inguruan ezarritako 20 kilometroko eremuan erradiazioa ez da osasunarentzat kaltegarria.
Eremu horren barruan bizi direnei etxean geratzeko eta leihoak itxita izateko eskatu zieten atzo agintariek.
Ia 200 langile isuria geldiarazten saiatzen ari dira
5 eta 6 erreaktoreetan ura ponpatzen ari direla jakinarazi du Tokyo Electric Power Company (TEPCO) Fukushima-1 zentral nuklearraren enpresa jabeak. Bi erreaktore horiek arazo txikienak dituzte, baina nukleoak hoztu behar dira. Hala ere, lehentasun nagusia hirugarren erraktorea izaten jarraitzen du. Plutonioa erabiltzen duen bakarra da. Plutonioa uranioa baino askozaz kaltegarriagoa dela kontutan hartu behar da.
Azken orduetan 5 eta 6 erreaktoreetako tenperaturak gora egin du. Antza denez, ur-tangetan ur nahikoa dago, baina hozteko sisteman arazoren bat dago.
Geroxeago, Kiodo albiste-agentziak Gobernuko iturriak aipatuz jakitera eman duenez, hirugarren erreaktoreak kalte garrantzitsuak jaso dituenik ez du ematen.
Une honetan 180 langile ari dira lanean zentralean. Normalean 800 bat langilek egiten zuten lan zentralean. Atzo 50 langile baino ez ziren geratu zentralean eta gaur goizean alde egin behar izan dute.
Mehatxu erradiaktiboa dela-eta zirkulazioak behera egin du Tokio hiriburuan eta hiritarrek maskarilla gehiago dituzte gaur. Askok etxetik lan egiten dute dagoeneko eta atzerritar askok alde egitea erabaki dute, nahiz eta agintariek lasaitasun dei bat egin.
EB
Fukushimako zentralean datozen orduetan "hondamendi berri" bat gerta daitekeela ohartarazi du gaur Gunther Oettinger Europako Energia komisarioak.
"Japoniako artxipelagoko bizilagunak arriskuan jar ditzakeen hondamendi berri bat gertatzeko arriskua dago ondorengo orduetan", adierazi du Oettingerrek Europako Parlamentuko Ingurugiro Batzordean egindako batzordean. Atzo Fukushimako zentrala "kontroletik kanpo" zegoela esan zuen.
Enperadoaren lehen mezua
Bere aldetik, Akihito enperadorea telebistan agertu da gaur, 22 urteko agintaldian lehen aldiz, krisiaren larritasunaren erakusle.
Agerraldian, enperadoreak "kezka" agertu du eta elkartasuna eskatu die japoniarrei.
Atsekabetuta, Akihitok amore ez emateko eta "elkar zaintzeko" dei egin die herritarrei.
Biktimen kopuruak gora
Bien bitartean, agintariek eguneratu egin dute gaur goizean biktimen kopurua. Hain zuzen ere, azken zenbakien arabera, 3.771 pertsona hil dira eta 8.181 desagertu.
100.000 militar japoniar eta atzerriko boluntarioak erreskate lanetan ari dira, eta dagoeneko 26.000 pertsona erreskatatu dituzte.
Guztira, 80.000 eraikin inguru suntsitu dira, eta ebakuatu dituzten 500.000 pertsona 2.500 aterpetan dituzte.
6 graduko erreplika
Bestalde, 6 graduko erreplika bat jazo da gaur goizean Txibako kostaldean (Japoniako ekialdean), eta dardara Tokion ere nabaritu dute, baina ez dago tsunami arriskurik.
Lurrikara 12:52an gertatu da (04:52 Euskadin), eta epizentroa Ozeano Barean izan du, 25 kilometroko sakoneran, Honshu uhartetik 70 kilometrora.
Orotara 200 erreplika baino gehiago jazo dira ostiralean 9 graduko lurrikara batek Japoniako ipar-ekialdea astindu zuenetik.