Mundua -
Ebakuazioa Japonian
Fukushimako zentral nuklearrean alarma piztu da erradiazioagatik
Japoniak larrialdi nuklear egoera deitu du zentral batean izan den sute baten ondorioz hozteko sistema matxuratu delako.
Erredakzioa
Lurrikararen ostean Fukushima Daiichiko zentral nuklearretik gertu bizi diren milaka lagunak zonatik ateratzen hasi dira Japoniako agintariak, isuri erradiaktibo bat izateko arriskuaren aurrean.
Erradiazio maila Fukushiman ohikoa baino mila bider handiagoa da, segurtasun nuklearreko agentziaren arabera.
Yukio Edano Japoniako Gobernuko idazkari nagusiak azaldu duenez, zentral nuklearraren hiru kilometroko inguruan bizi diren herritarrak ebakuatu dituzte. Kiodo Japoniako albiste-agentziak jakinarazi duenez, 3.000 lagun atera dituzte zonatik.
Lurrikararen ostean, larrialdi egoera ezarri du lantegi horretan, zentraleko hozte-sistemetan izandako matxura batengatik. Matxura konpontzen ari dira, Merkataritza Ministerioak Jiji albiste-agentziari jakitera eman dionez.
Erreaktoreko ur mailak balio arriskutsuetan ez daudela ziurtatu du Fukushimako Exekutiboak, Kiodo albiste-agentziaren arabera. Lantegian erradiazio nuklearra izateko arriskurik ez dagoela adierazi du Tomoko Murakami Japoniako Energia Nuklearreko zuzendariak.
Larrialdi nuklear egoera
Japoniak larrialdi nuklear egoera deitu du zentral batean izan den sute baten ondorioz hozteko sistema matxuratu delako. Neurri hori isuri erradioaktiboak izan direnetan soilik hartzen den arren, Japoniako iturri ofizialek diote ez dutela filtrazio erradioaktiborik atzeman.
Guztira, hamaika erreaktore nuklear gelditu dituzte. "Eraikinetik kanpo material erradiaktiborik ez" dutela aurkitu adierazi du Japoniako Gobernuak, baina larrialdia egoera ezarri behar izan dutela.