Mundua -

Hondamendi naturala

8,9 graduko lurrikara batek Japonia astindu eta tsunamia eragin du

Lurrikarak eragindako olatu handiak txikizio handia egiten ari dira. 200-300 bat lagun hil dira Miyagiko probintzian. Tsunami alerta Ozeano Bare osora zabaldu dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ritcher eskalan 8,9 graduko indarra zuen lurrikara batek Japonia ipar-ekialdea jo du eta tsunami handi bat eragin du. Olatuak dagoeneko iritsi dira Sendai hirira eta Japoniako telebistak zabaldu dituen irudietan ikus daiteke eraikinak bota dituela eta uholdea handiak daudela. Gainera, tsunami-alerta Ozeano Bare osora zabaldu dute.

Oraingoz 200-300 bat hildako eta dozena bat desagertu inguru daudela esan dute, baina zaurituak ere asko izan omen dira.

200-300 bat lagun hil dira Miyagiko probintzian, Japoniako ekialdean, bertako Udaltzaingoak jakitera eman duenez. Kyodo albiste-agentzia lokalaren esanetan, 200-300 bat gorpu aurkitu dituzte Sendai hiriko kostaldean, Miyagi probintziako hiriburuan.

Lurrikararen indarra 7,9 gradutik 8,9ra igo da, azken zazpi urteetan Japonian izan den dardararik indartsuena.

Japoniako Meteorologia Agentziak Miyagi probintzian sei metroko olatuak izan daitezkeela ohartarazi du eta "zauritu asko" izan omen dira bertan.

Bertako telebista batek zabaldu dituen irudietan uholdeak ikus daitezke Japoniako Sendai hirian, eta portuan 10 metrora arteko olatuak ere ikusi ahal izan dituzte.

Miyagi eta Iwate probintzietako herritarrei kostatik alde egin eta inguru garaietara joateko deia egin diete.

Lurrikararen ondorioz suteak ere izan dira eta Chiban petrolio findegi batek su hartu du.

Alerta Ozeano Bare osora zabaldu dute

Sendal hiritik 130 kilometrora atzeman dute lurrikararen erdigunea, Honshu irletan. Tsunami alerta Ozeano Barearen erdigunera, Errusiara eta Mariana irletara zabaldu dute.

Olatu erraldoien abisua Australiara, Fijira, Samoara, Zeelanda Berrira, Polinesiara eta Amerikako mendebaldeko kostara ere zabaldu dute.

Hori horrela, Mexiko, Guatemala, El Salvador, Costa Rica, Nikaragua, Panama, Honduras, Txile, Ekuador, Kolonbia eta Peru ere sartu dituzte abisuaren barruan.

Horiez gain, alertan daude Guam, Taiwan, Marshall Uharteak, Indonesia, Papua Guinea Berria, Micronesia eta Hawai.

Ebakuazioak

Filipinasek dagoeneko iparraldeko milaka laguni etxetik joateko deia egin die tsunamia iritsiko den beldur zirelako.

Errusiako agintariek Kuriles uharteetako 11.000 pertsona ebakuatzeko agindua eman du, izan ere, olatuak hazten hasi dira eta dagoeneko bi metrora iritsi dira.

Kalte "handiak"

Naoto Kan Japoniako lehen ministroak esan du "handiak" izango direla lurrikarak utziko dituen kalteak. Kanek lasaitasuna eskatu die herritarrei.

Kalteak handiak izan dira azpiegituretan eta eraikinetan, Gobernuak dio Japoniak inoiz jasan duen lurrikara gogorrena izan daitekeela.

Natok gogorarazi du Ozeano Bareko Suzko Eraztunean dagoela Japonia eta ohikoak, ia etengabeak, direla lurraren dardarak.

Tsunamiak dagoeneko uholdeak eragin ditu kostako zenbait puntutan eta urak autoak eta eraikinak eraman ditu aurretik. Suteak ere piztu dira, horietako 14 Tokion.

Kanek esan du Gobernuak "ahal duen guztia" egingo duela "kalteak arintzeko" eta egoera kudeatzeko larrialdietarako talde bat martxan dela azpimarratu du.

Larrialdi nuklear egoera

Bestalde, Japoniak larrialdi nuklear egoera deitu du zentral batean izan den sute batengatik. Neurri hori isuri erradioaktiboak izan direla baieztatzen denetan soilik hartzen da, baina lehen ministroak eman duen prentsaurrekoan esan du ez dela isuri erradioaktiborik izan.

Lau espainiar desagerturik daude

Japoniako ipar-ekialdean diren lau espainiarrekin harremanetan jartzen saiatzen ari da Atzerri Ministerioa, Ramon Jauregui Presidentetzako ministroak jakitera eman duenez.

Gobernua Espainiako lagunen "datu guztiak" biltzen ari direla azaldu du Jaureguik, baina "orain arte zonan lau espainiarren presentzia soilik" baieztatu dutela adierazi du ministroak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea