Mundua -
Gerra zibila Libian
Matxinoen aurkako eraso handi bat iragarri du Gadafik
- NATOk indar gehiago bidali ditu Mediterraneora.
- Libiaren aurkako zigor ekonomikoak gogortzea onartu du EBk.
- Libiako matxinoen Gobernua onartu du Frantziak.
Erredakzioa
Muamar Gadafiren indarrek Ras Lanuf kontrolpean dute berriro, Bengasitik 450 kilometrora. Ondorioz, matxinoek Bregarantz atzera egin behar izan dute, matxinoen komandante batek Al Yazira telebistan jakitera eman duenez.
Al Yazira telebistako berriemaileak jakitera eman duenez, hildakoen kopurua oso handia da. Matxinoen komandanteak bere gizon guztiak galdu dituela uste du.
Hegazkinen bonbardaketek artilleriaren, koheteen, morteroen, tankeen eta soldaduen laguntza izan dute, eta matxinoen erresistentziarekin amaitu dute.
Gadafiren tropen armei aurre egiterik ez dute izan matxinoek eta beharrezkoak ziren baliabideak ez zituztela onartu dute.
Europar Batasuna
Libiarenkontrako zigor ekonomikoak gogortzea formalki onartu du gaur Europar Batasunak. Horrela, bost entitate ofizialen eta lagun baten ondasunak izoztu dituzte EBn.
Zigor berriak iragan asteartean adostu zituzten eta 27 Estatuek onartu dituzte gaur. Neurriak Europar Batasuneko Egunkari Ofizialean argitaratu eta bihar sartuko dira indarrean, EBk komunikatu baten bidez zehaztu duenez.
Besteak beste, Libiako Banku Zentrala eta Libiako Inbertsio Bankua (LIA) zigortu ditu EBk. LIA fondo subirano bat da eta nazioarteko enpresetan parte hartzen du, Europar Batasuneko iturriek jakinarazi dutenez.
Washingtoneko Gobernuak dagoeneko LIAren aktiboak blokeatu ditu AEBetan, entitatea Gadafik eta haren senideek kontrolatzen dutela uste duelako.
Europan, besteak beste, HSBC Britainia Handiko banketxerik handiena eta Pearson taldea (Financial Times-en jabea) kontrolatzen ditu LIAk.
Italian, Unicredit banketxean, Finmeccanica aeroespazialean, Eni elektrikan eta Juventus futbol taldean parte hartzen du LIAk.
Europako konpainietan duen parte-hartze handiak zalantzak piztu ditu Estatu kideen artean. Europako enpresetan eta akziodunetan blokeoak izan ditzakeen ondorioek kezka sortu dute Estatu kideen artean.
Libiako Batzorde Nazionala
Libiako Batzorde Nazionala herritarren ordezkari bakar gisa onartzea eskatu du Europako Parlamentuak ebazpen baten bidez (584 boto alde, 18 kontra eta 18 abstentzio). Batzorde Nazionala Libiako oposizioko kideek eta matxinoek osatzen dute. Era berean, debekupeko aire-eremu bat ezartzeko aukera aztertzea eskatu du Europako Parlamentuak, Tripolik populazio zibila bonbardatzen jarraitzea saihesteko.
Zentzu horretan, Batzorde Nazional matxinoa herritarren ordezkari legitimo bezala onartzen duela iragarri du Frantziak. Horrela, Bengasira enbaxadore bat bidaliko du, bertan Batzordeak egoitza baitu. Era berean, Gadafiren aurkako indarren mezulari bat hartuko dute Parisen, Eliseoko bozeramaile batek iragarri duenez. Nicolas Sarkozy Frantziako presidentea matxinoen ordezkariekin bildu da gaur.
Gauza bera planteatu du Guido Westerwelle Alemaniako Atzerri ministroak EBko ezohiko bileran.
NATOren bilera
Defentsa ministroen bileraren hasieran egin ditu adierazpenak Rasmussenek Bruselan. 28 bazkideek Libian esku hartzeko aukerak aztertuko dituzte bileran.
Sarkozy eta Cameron
Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak eta David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak Gadafiren dimisioa eskatu dute, eta Libiako Kontseilu Nazionala "solaskide politiko onargarri" bezala antzemateko eskatu diete EBko herriei.