Mundua -
Gerra zibila Libian
Gadafik Zawiya berreskuratu du, bost eguneko bonbardaketen ostean
- BBCk irudi batzuk publikatu ditu, eta horietan soldaduak ikus daitezke, herriko erdigunean.
- EBk eta NATOk bilerak egingo dituzte gaur, erregimenaren aurkako presioa nola areagotu aztertzeko.
Erredakzioa
Muamar Gadafi Libiako diktadorearen tropek kontrolpean dute dagoeneko Zawiya, bost egunez bonbardaketak egin eta gero, BBCren berriemaile bereziak bertatik jakinarazi duenez.
Hedabide britainiarren irudietan argi ikus daiteke Gadafiren soldaduak daudela herriaren erdigunean.
BBCren berriemaile bereziaren esanetan, erregimenarentzat giltzarria da aire espazioa, horregatik ixtea iraultzarentzat ezinbestekoa litzateke.
NATOren eta EBren bilerak
Bestalde, Europar Batasuneko Atzerri ministroek eta NATOko Defentsa ordezkariek bilerak egingo dituzte gaur Bruselan, erregimenaren aurkako presioa nola areagotu aztertzeko.
Hogeita zazpiek Gadafiren eta beste 27 pertsonaren funtsak blokeatzea adostuko dute, baita Gadafirekin lotura duten erakundeetan ere, Libiako Banku Zentralean, kasu.
Halaber, Gadafiren eta oposizioaren ordezkariak Bruselara joango dira, bakoitza bere aldetik, hartu-eman diplomatikoak egiteko.
Une honetan, Europar Batasunaren ahalegin guztiak bere herritarren ebakuazioa da. Beste lehentasun bat laguntza humanitarioa bidaltzea da, baina balizko esku-hartze militar baten inguruan ez dago adostasunik.
Beren aldetik, NATOko Defentsa ministroek ere egoera aztertuko dute, batik bat Libiako aire espazioa itxiz gero zer-nolako baliabide beharko lituzketen.